Martxoaren 8ari lotuta Azkoitiko Udaleko Berdintasun arloak hainbat ekitaldi antolatu ditu, tartean, bertso saioa hilaren 6rako eta dantza emanaldia hilaren 8rako. Eutsi lortutakoari eta ekin aurrera! lelo hartuta egingo ditu udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekintza, hala adierazi du Mertxe Zubillaga udaleko Berdintasun zinegotziak: "Iritsiko da genero berdintasuna aldarrikatu beharko ez dugun eguna. Gaur-gaurkoz, lortu asko lortu da, baina urratsak egiten jarraitu behar dugu emakumeen ahalduntzean eta eskubideen defentsan. Antolatu ditugun ekintzak gozatzetik harago, hausnarketarako gonbiteak dira”.
Ostegunean, martxoaren 6an, 19:00etan, bertso saioa izango da Elkargunean. Agertokian lau bertsolarik jardungo dute kantuan, hiru herrikoak eta laugarrena Gipuzkoako txapelduna: Alaia Martinek, Julene Iturbek, Naia Arrizabalagak eta Eneritz Artetxek. Bertso saiorako sarrera irekia eta doakoa da.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, genErorAntz dantza ikuskizuna aurkeztuko du Kimua dantza kolektiboak. Baztartxo antzokian izango da emanaldia, 19:00etan hasita. Sarrerak eskuragarri izango dira zapatuan bertan antzokiko leihatilan edota aurrez www.entradium.com atarian eskura daitezke. Udalak azaldu duenez, genero ikuspegiaren inguruko emanaldi "originala bezain berritzailea" da dantza ikuskizuna. "Gaur egun, eremu eta arlo ezberdinetan bizitzen ditugun egoerek sortzen dizkiguten loturak, kateak eta ezinegonak nola baldintzatzen gaituzten eta sortzen dizkiguten ondorioak ikusaraztea du helburu", gaineratu dute.
Bestelako ekintzak
Bi ekitaldi horiez gainera, Hezkidetza Foroaren barruan, Herrixen elkartearekin lankidetzan, Martxoaren 8aren inguruko beste ekimen bat jarri dute martxan. Alegia, parte hartzen duten saltokietan kartelak zintzilikatuko dituzte, eta kartel horietan QRa irakurri ahalko da, eskoletan Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egin den lanketa ezagutzeko. Hezkidetza Foroan ikastetxeek, kale hezitzaileek, Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun arloak parte hartzen dute.
Martxoaren 8an bertan, berriz, Gizarte Zerbitzuetatik sustatzen den Kale Heziketa programako hezitzaileek eta erabiltzaileek hamaiketakoa banatuko diete azokan produktuak saltzen lanean aritzen diren emakume baserritarrei.