Bizipoza eguneko arreta zerbitzuko erabiltzaileek Ana Azkoitia alkatearen eta Sonia Vazquez Gizarte Ongizate zinegotziaren bisita jaso dute gaur, Ostiral Mehea. Plaza Ondo jubilatuen elkartearen egoitzan elkartu dira goizean, eta txokolate beroa nahiz opilak dastatuta, solasaldi ederrak izan dituzte. Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleak ere bidelagun izan dituzte; haiek, gainera, mozorrotuta joan dira adinekoengana, eta inauteri giroan ospatu dute goiza.
65 urtetik gorako pertsonei eskaintzen zaien eguneko arreta zerbitzua da Bizipoza. Gaur-gaurkoz, 50 lagun baino gehiagok jasotzen dute zerbitzua. "Bakardadea saihesteaz gain, osasun fisikoa zein psikologikoa lantzen dute", azaldu du udalak. Besteak beste, gorputza mugitzeko edo erlaxatzeko aktibitateak egin ohi dituzte halako saioetan, baita memoria, hizkuntza edo gaitasun kognitiboa mantentzeko ariketak ere. Nolanahi ere, hitzordu guztiak aisialdi testuinguruan egin ohi dituzte.