Inauteriak 2025

Mozorroz koloreztatu dute herria haurrek

Andoni Elduaien 2025ko ots. 28a, 17:52

Irudimenez landutako mozorroak jantzi dituzte beste behin eskolek. Iaz ez bezala, desfile koloretsua egin dute herrigunean zehar. Arratsalde erdian, berriz, herriko plaza azkoitiarren bilgune izan da. Oihan Vega musika jartzaileak inauterizaleen festa gosea asetu du denetariko musika jarrita.

Karnabalak ospakizun aitzakia dira gaurdanik herrian. Ostiral Mehe egunak tradizio duen moduan, ikastetxeak kalera atera dira beste behin desfilea egitera. Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleek, irakasleek eta begiraleek kalejira koloretsua egin dute arratsaldean. 15:45ean eskoletatik abiatu eta Plazaberri parean elkartu dira guztiak. Mozorro ilara luzeak osatu dituzte, atzetik eskoletako traktoreak segika zituzten bitartean. Floreagakoek, ohi bezala, ikastetxean landutako taldekako mozorroak eraman dituzte soinean; aurten, urtaroak hartu dituzte haiek gaitzat. Xabier Munibekoek, berriz, norberari otutakoa eraman dute jantzita. Nolanahi ere, haurrek kolorez mozorrotu dute gaur herria. 

Iaz ez bezala, aurten eguraldia lagun izan dute haurrek, eta festarako musikak lagunduta, Plazaberria, Balda plaza, Ibaiondo kalea eta eliz ataria lotu dituzte eskoletara itzuli aurretik. Desfilea bukatu eta segituan, gainera, udalak eskainitako merienda jateko aukera izan dute guztiek. Eskoletan indarrak hartu eta gero, herriko plaza izan da herritarren bilgune. Beste urte batez, txiki gelditu da plaza. Batzuk, ezkutaketa jolasean aritu dira, gaurko egunean ez baita erraza izaten horrenbeste lagunen artean jendea aurkitzea. Besteak, berriz, Oihan Vega Gaztea irratiko DJak jarritako musikaren erritmora dantzatu dute. 

Inauteriak hasi besterik ez dira egin Azkoitian. Gauean ere izango da festarik: 21:30etik 23:30era arte, 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako mozorro festa egingo dute Elkargunean, Artxamendi gaztelekuak antolatuta. DJ Xabi Fest musika jartzaile azkoitiarra arduratuko da musikaz, eta haren erritmora gozatuko dute nerabeek. Gazteria sailak, gainera, banakako, taldekako eta giro onena jarri duen mozorroak sarituko ditu.

Biharko egunaren zain

Inauterietako saltsarik handiena, ordea, bihar izango da Azkoitian; izango da festa eguerditik igande goizaldera arte luzatzen duenik ere. Udalak egitarau zabala prestatu du biharko, eta horietako asko musikari lotutakoak dira. Goizean, herriko musika taldeetako ordezkariak izango dira protagonista nagusiak. 12:00etatik bazkalordura arte, Txalkor txistulari taldearen, musika bandaren eta Bizkargi musika eskolako ikasleen doinuak nonahi entzungo dira. Urola Kostako musikariek osatzen duten UK03 txaranga ere kalerik kale ibiliko da, inauterietako doinuak lau haizetara zabalduz. 

Festaren mamia, baina, arratsaldean iritsiko da. UK03 txaranga 17:30ean hasiko da kaleak girotzen, eta ordu horretatik ez urrun hasiko dira herritarrak aurtengo urterako prestatutako mozorroak erakusten. 18:00etan hasiko da, halaber, Joselu Anaiak taldearen kontzertua plazan. Mozorro lehiaketan izena emandakoek, berriz, 19:30etik 20:30era igaro beharko dute Plazaberritik, han egongo baita aurtengo epaimahaikideak. Era berean, tabernetatik ere igaroko dira azken horiek 19:00etatik aurrera, ondoen apainduta dagoena zein den zehaztera. 21:00etan banatuko ditu udalak aurtengo lehiaketetako sariak, eta ondoren hasiko da Joselu Anaiaken eguneko bigarren emanaldia. Musika taldea gauerdira bitartean ariko da plaza girotzen. Eliz atarian, berriz, indarkeria sexistarik gabeko gunea eta alkoholaren eta beste drogen kontsumoari buruzko sentsibilizazio postuak jarriko dituzte. 

Hona hemen biharko eguneko egitaraua:

  • 12:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 12:30. Musika bandaren eta Bizkargi musika eskolaren kalejira.
  • 12:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 17:30. UK03 txarangaren kalejira.
  • 18:00-21:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 20:30-23:30. Indarkeria matxistarik gabeko gunea, eliz atarian.
  • 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 23:00-02:00. Alkoholaren eta beste drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua, eliz atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide