Jasokunde kooperatibak ezohiko batzar orokorra deitu du martxoaren 11rako, asteartea. Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 legearen arabera, Jasokunde kooperatibaren estatutu sozialak "ahalik eta azkarren" egokitzeko beharra dagoela azaldu du batzordeak, eta horren harira, bi bilera deitu dituzte egun horretarako: 18:30erako aurrena, eta 19:00etarako bigarrena.
Azaldu dutenez, Kontseilu Errektoreak dagoeneko egin ditu estatutu horiek, baina batzar orokorraren onespena behar dute. Hain justu, horien onarpena izango dute hizpide martxoaren 11n. Dena den, bazkideek galderak nahiz proposamenak egiteko tartea ere izango dute bilkura amaitu aurretik. Ohi bezala, bazkideek zein haren ordezkoek ezinbestekoa izango dute bazkide txartela erakustea batzarrean parte hartu ahal izateko. Halaber, gogorarazi dute bazkide batek, gehienez, beste bi ordezka ditzakeela.
Eskatzeko aukera
Jasokundeko batzordeak jakinarazi du kooperatibaren estatutu berriak aztertzeko edota berrikusteko interesa duten bazkideek horretarako aukera izango dutela Jasokunderen egoitzara joanda —Inazio Iriarte kalea, 1A, behea helbidean—. Horretarako eguna eta ordua zehaztu ahal izateko, bazkide horiek batzordearekin jarri beharko dute harremanetan 641 63 32 99 telefono zenbakira deituta edota whatsapp mezua idatzita, edota jasokundekoop@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Gainera, bazkideek estatutu sozialen kopia bat ere eskatu ahal izango dute.