Azkoitiko Udalak otsaileko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, 18:00etan hasita, eta besteak beste, aurtengo urteari dagokion Udal Araudi Plana bozkatuko du udalbatzak. Hain zuzen, urtea amaitu bitartean erakundeak zer ordenantza sortzeko eta eguneratzeko asmoa duen jasotzen du Araudi Planak, eta dokumentu hori izango dute eztabaidagai udaleko hautetsiek.
Guztira, hamar puntu izango ditu biharko osoko bilkurak, eta Udal Araudi Planaz gain, beste zenbait mozio ere landuko dituzte han, hala nola EAJk aurkeztu duen Mendebaldeko Sahararen "eskubide legitimoen defentsaren" ingurukoa eta EAJk PSE-EErekin batera zein EH Bilduk Martxoaren 8aren harira landu dituztenak.
Honako hau da biharko udalbatzak izango duen gai zerrenda:
- Aurreko bilkurako aktaren onespenak, hala badagokio.
- 2025 ekitaldirako udal araudi planaren onespena.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia-kidegoetako agenteen kategorian sartzeko 6. hautaketa-prozesu bateratuaren kudeaketa materialaren gomendioa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari emateko hitzarmenaren onespena.
- Kale garbiketa zerbitzuari dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespenaren onespena.
- Alkatetzaren proposamena, Partaidetzako Aurrekontuak 2025-2026, Konpromiso politikoaren ingurukoa.
- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa, Mendebaldeko Saharako herriaren eskubide legitimoen defentsaren ingurukoa.
- Martxoak 8rako adierazpenak: EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa eta EH Bildu udal taldeak aurkeztutakoa.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.