Herritarren Azkoitiko udaletxea eta haren historia hobeto ezagutzeko aukera izan dute gaur eguerdian, Azkoitiko Udalak antolatutako bisita gidatuan. Ana Azkoitia alkatea eta Juanba Mendizabal kronista eta Ondare zinegotzia arduratu dira bisita gidatzeaz, eta dozenatik gora herritarren interesa piztu du egitasmoak.
Hamabietako kanpaiekin batera hasi dute bisita gidatua Kontzejupean. Gizaldietan atzera eginda, Mendizabalek hainbat azalpen eman ditu han herritarrak testuinguruan jartzeko. Izan ere, gaur egungo udaletxea udaletxea 1730ekoa da, Jose de Lizardi arkitektoak eraikia, baina aurrez beste bi udaletxe izan ziren Plazaberrin.
Kontzejupean sarrera eginda, udalbatza aretora jo dute bisitariek, eta han ikusgai dagoen ondarea azaldu du zinegotziak; alkateak, berriz, udal organoen funtzionamenduari buruzko zertzeladak eman ditu. Udala osatzen duten beste hainbat departamentu ere bisitatu dituzte. Hain zuzen, udaletxeko kartzela, kapera, zezendegia, alondegia eta korrejidorearen bizitokia izan dituzte hizpide. Udal artxiboan gordetzen den 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna edota Parrokiaren lehen planoa ere ezagutu dituzte gaurkoan herritarrek.
Antolatzaileek historiako pasarte ugarirekin osatu dute bisita, eta bertaratu direnek adi jarraitu dituzte Azkoitiaren zein Mendizabalen azalpenak. "Udaletxea denon etxea da, eta, nire ustez, interesgarria da bertaratzeko aukera izatea, eta eraikinaren historia eta ondarea ezagutzea, udal erakundearen funtzionamenduarekin batera. Badira jendeak ezagutzen ez dituen xehetasun eta bitxikeriak, eta gaurko bisita gidatuak horretarako abagunea eskaini digu”, esan du Azkoitiak.
(Argazkiak: Azkoitiko Udala eta Ane Olaizola)