Taldea aurkeztuta, denboraldi berriari ekin dio Azkoitrik

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 22a, 12:24

Taldeko argazki honekin aurkeztu dute sasoi hasi berria Azkoitriko kideek gaur goizean. (Mailo OIarzabal)

11 lizentziarekin hasi du sasoi berria Azkoitiko triatloi klubak, baina hemezortzira iristea espero du. Aurreko asteburuan Vianako duatloian aritu ziren kide batzuk eta gaur Mungian estreinatuko dira beste batzuk. Azkoitiko duatloiak ere badu data: maiatzaren 17an egingo dute.

Azkoitri martxan da berriro. Gaur, Euskadiko duatloi zirkuitua hasiko den egun berean, eta ohitura bihurtu den legez, Oteizaren zazpi frontoietan elkartu dira Azkoitiko triatloi eta duatloi klubeko kideak goizean, aurtengo taldea aurkezteko.

11 lizentziarekin ekingo dio Azkoitrik denboraldiari, baina "gutxienez" hemezortzi izatera iristea aurreikusten dute. Maialen Azpiazuk, esaterako, 2023-2024 denboraldian "maila oso ona eman" ondoren, Peñota Dental Alusigma taldera egin du jauzi.

Udarekin iritsiko diren triatloien aurretik, duatloi denboraldian buru-belarri ibiliko dira datozen hilabeteetan Azkoitriko kideak. Hain zuzen ere, gaur hasiko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako duatloi zirkuitua, Mungian (Bizkaia), eta han lehiatuko dira Azkoitriko Iker Etxeberria debutaria, Ignacio Cruz Larrañaga, Ander Larrañaga, Vanessa Cerrajero eta Haritz Iturzaeta. Esprint distantziako duatloia izango da Mungiakoa: bost kilometro korrika, 20 bizikletan, eta berriro korrika bi kilometro eta erdi egin beharko dituzte kirolariek.

Gaur Mungian arituko direnetatik hiruk aurreko asteburuan estreinatu zuten denboraldia. Euskadiko Triatloi Federazioak antolatutako zirkuitutik kanpo, Vianako (Nafarroa) distantzia erdiko duatloian aritu ziren Larrañaga aita-semeak eta Etxeberria.

Etxekoa, maiatzaren 17an

2024-2025 sasoiko taldea eta asmoak aurkeztearekin batera, Azkoitiko IV. Umeen Duatloiaren eta X. Duatloi Herrikoi Inklusiboaren data ere aurreratu du Azkoitrik. Maiatzaren 17an, larunbata, egingo dute klubak berak antolatutako herriko egun osoko duatloi festa. Umeena goizez eta duatloi herrikoi inklusiboa arratsaldez egingo dituzte aurten ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide