Isilune Zirkuluak zaintzaileak babestearen alde elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, herriko plazan. Hilero hilero herriko eragile batek deitzen du elkarretaratzea, eta Marea Urdinari egokitu zitzaion atzokoa. Dozenaka lagun elkartu ziren plazan. Zaintzaile nagusiak eta ez-profesionalak babestea nahiz haiek aintzat hartzea nahitaezkoa dela aldarrikatu zuten haiek, azalduz zaintzaile horiek betetzen duten "funtsezko eginkizuna lehen planora" ekarri behar dela.
Elkarteak zaintzaile horientzat hainbat neurri hartzeko eskatu zuen, hala nola Gizarte Segurantzako kotizazioa, prestazio ekonomiko duina, lanaren nekagarritasuna aintzat hartzea nahiz gaixotasun profesionalak aintzatestea, osasun fisikoa zein buru osasuna babestea, atsedena hartzeko eta bizitza laborala uztartzeko eskubidea bermatzea, bere jarduna hobetzeko prestakuntza espezializatua jasotzea, eta azkenik, zaintzailearen rola amaitzen denerako bidezko trantsizioa ziurtatzea.