Datorren zapatuan, Kantari ikuskizuna Azkoitira iritsiko da. Azkoitiko Udaleko Euskara sailak antolatu du musika oinarri duen jaialdia, Abao komunikazio agentziaren eskutik eta Gukaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko 8-12 urte bitarteko 125 ikaslek parte hartuko dute ikuskizunean.
Karaoke estiloko saioa izango da, eta, besteak beste, Nogen, Kai Nakai, En Tol Sarmiento eta Gatibu taldeen kantak abestuko dituzte taldeka Malen Balerdiren eta Beñat Arizabaletaren gidaritzapean. Dena den, saioak ez du lehiaketa kutsurik, egitasmoaren asmoa baita gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzea. 16:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute saioa. Nolanahi ere, edonork izango du antzokira bertaratzeko aukera, saioa irekia baita; alegia, inolako gonbidapenik edo sarrerarik gabe sartu ahal izango da Baztartxora.
Saioetan parte hartuko duten haurrek hiruzpalau aste daramatzate abestiak beren kasa entseatzen. Hain justu, joan den igandean egin zituzten azken prestaketa saioak Baztartxo antzokian bertan. Kantak zozketa bidez banatu zizkieten egitasmoaren sustatzaileek, adin bakoitzerako egokienak zeintzuk ziren zehaztuta.
Kantari lehen aldiz iritsiko da Urola Kostara, Azkoitian egingo dituzten saioekin. Dena den, aurretik, hainbat urtetan egin dute karaoke ikuskizuna Debagoienan eta beste zenbait eskualdetan. Azkoitiko jaialdia Azkoitia Gukan ikusi ahal izango da osorik, martxoaren erditik aurrera.