Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak menopausiaren sintomak kontrolatzeko bizitza estilo, ikuspegi eta praktika osasungarrien inguruko ikastaroa antolatu du Ahalduntze ikastaroen barruan. Aintzane Etxeberria Aizpuruak zuzenduko du ikastaroa martxoaren 18tik apirilaren 8ra bitartean. Saioak astearteetan egingo dituzte Kultur Etxekoo Sorginen Ganbaran, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Saioetan menopausiari lotutako sintomak, baliabideak eta informazioa azalduko ditu Etxeberriak. Era berean, aldaketa hormonalak zein fisiologikoak, dieta nahiz funtsezko elikagaiak, arriskuak eta ohitura osasungarriak zein diren ere adieraziko ditu hark. "Emakumeen artean menopausiak kezka eta ondoeza eragiten jarraitzen du. Zahartzaroarekin eta antzutasunarekin lotuta, emakumeen bizitzako etapa negatibotzat hartzen da, eta gizarteak askotan estigmatizatu egiten du. Zaintzea etapa berria bizitzeko prestatzea da", azaldu du.
Udalak adierazi duenez, dagoeneko eman daiteke izena ikastaroan. Izen-ematea aurrez aurre egin nahi dutenek udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura jo beharko dute. Izen-ematea online egin nahi duenak, berriz, udalaren webgunean dagoen izen-emate orria bete beharko du. Lanean ari diren pertsonek 20 euro ordaindu beharko dute, eta aldiz, 15 euro ikasleek, langabetuek eta pentsiodunek. Informazio gehiago behar duenak Berdintasun sailaren 943-54 20 14 telefono zenbakira deitu edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora idatz dezake.