Herritarrek udaletxea barrutik ezagutzeko aukera izango dute zapatuan

Andoni Elduaien 2025ko ots. 18a, 10:53

Zenbait herritar Mendizabalen azalpenak entzuten, 2020an egindako bisita gidatuan. (Andoni Elduaien)

Udaletxea barrutik ezagutu nahi dutenek, Kontzejupera hurbildu beharko dute 12:00etarako. Ana Azkoitia alkateak eta Juan Bautista Mendizabal Turismo zein Ondare zinegotziak zuzenduko dute bisita.

Herritarrek udaletxea barrutik ezagutzeko aukera izango dute datorren zapatuan. Beste zenbait urtetan egin bezala, udalak ate irekien saioa egingo du egun horretan, 12:00etan hasita. Kontzejupean jarri dute hitzordua, eta parte hartu nahi duenak nahikoa izango du udaletxe azpiko frontoira ordurako agertzea.

Bisita Ana Azkoitia alkateak eta Juan Bautista Mendizabal Turismo zein Ondare zinegotziak zuzenduko dute. "Herritarrek zein kanpoko bisitariek eraikina barrutik ezagutzeko eta bertako altxor historikoak ikusteko aukera izango dute. Hainbat bitxikeria ere izango dituzte hizpide, esaterako, nola lehen udaletxean kartzela kokatzen zen, kaperaz, zezendegiaz, alondegiaz eta korrejidorearen bizitokiaz gain", azaldu du udalak.

Bertaratzen direnek, besteak beste, bilkura aretoa edo udalbatza aretoa, alkatetza eta udalaren sail ezberdinak kokatzen diren gainerako gelak bisitatzeko aukera izango dute. Udal artxiboan gordetzen den 1324ko Azkoitiko herriaren sorrerako Hiri Gutuna edota Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren lehen planoa ere erakutsiko dituztela aurreratu du udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide