Martxan dira Azkoitiko Udalak Errekauek zerbitzua eta Nire Azkoitia plataforma digitala ezagutzeko antolatu dituen saio praktikoak; Herrixen merkatari elkartearekin, Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin, Urkome landa garapen agentziarekin eta Dendartean Gipuzkoako merkataritza elkartearekin batera antolatu ditu udalak saioak. Merkatariei, ostalariei, zerbitzu enpresei eta azokako ekoizleei zuzendutako formakuntza saioak dira horiek, eta atzo hasi zituzten Elkargunean.
Atzokoaz gain, guztira, beste lau saio egingo dituzte, horietatik hiru, gainera, aste honetan bertan: gaur (18:00), bihar (16:00) zein etzi (13:30) eta hilaren 27an (15:00) egingo dituzte saioak. Hitzordu horietan azalduko dituzte bi zerbitzuen gaineko xehetasun guztiak, eta parte hartzaileek horiek nola erabiltzen diren ikasteko aukera izango dute bertatik bertara. Saioetan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez, horretarako egokitu duten formularioa beteta.
Errekauek zerbitzurekin bezeroek Whatsapp bidez herriko saltokietan egin ahal izango dituzte erosketak. Gero, gainera, erosketa horiek etxean edota horretarako egokituko dituzten kontsignetan jasotzeko aukera izango dute. Nire Azkoitia plataforma digitala, berriz, "sare sozial itxurako plataforma" da, eta bertan "herritarrentzat interesgarria den informazio guztia" biltzea da asmoa. Halaber, bezeroek merkatariekin "zuzeneko harremana" izatea ere ahalbidetuko du.