Astelehenean arratsaldez egingo dituzte odol ateraldiak Elkargunean

Andoni Elduaien 2025ko ots. 22a, 09:00

Herritar bat odola ateratzen. (Anartz Izagirre)

Odol ateraldiak arratsaldez egingo dituzte astelehenean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 16:30etik 20:30era izango dute herritarrek odola emateko aukera.

Etzi, astelehena, otsaileko bigarren hitzordua dute odol emaileek. 16:30etik 20:30era bitartean, odol ateraldiak egingo dituzte, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Ohiko odol emaileek honezkero hitzartuta dute astelehenerako hitzordua, baina odola ematen hasi nahi dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu behar dute.

Otsailaren 3an egin zuten otsaileko aurreneko odol ateraldia, eta orduan 87 odol poltsa bildu zituzten. Dena den, Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak herritarrei dei egin diete, A- odol motaren erreserba mailak oso baxu daudela adierazi dute. Gainerakoak, oro har, maila onean daude.

Hurrengo hitzordua martxoaren 17an, astelehenez, izango da; orduan ere arratsaldez egingo dituzte ateraldiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide