Etxetik kanpo aritu dira asteburuan Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiak eta, oso antzeko emaitzarekin, porrotarekin itzuli dira etxera biak: Biele ISBk 74-58 galdu du Cultural y Deportiva Leonesaren kantxan, Espainiako Bigarren FEB mailaren hemezortzigarren jardunaldian; eta 75-48 galdu du Domusa Teknik ISBk Mallorcako (Herrialde Katalanak) Azulmarinoren kontra, Espainiako LF Challenge ligaren hogeigarren jardunaldian.
Bolada txarrari hirugarren harria erantsi zion atzo Leonen Biele ISBk. Bigarren FEB mailako Mendebaldeko multzoko sailkapenean bigarren tokitik hirugarrenera jaitsi da Iñaki Merinok zuzentzen duen taldea, eta atzetik dituenekiko aldea partida bakarrera murriztu zaio, gainera. Hain zuzen ere, sailkapenean justu atzetik dute Cultural y Deportiva Leonesa Iraurgiren gizonek, atzo mendean hartu zituen taldea. Bigarren laurdena erabakiorra izan zen atzoko neurketan. Partida hasierakoa berdinduta bukatu zuten bi taldeek (19-19), baina atsedenaldira joan aurretik zuloa ireki zuten etxekoek. 26-13 izan zen bigarren laurdenaren partziala, 45-32 emaitzarekin bukatu zuten lehen zatia, eta hamahiru punturen alde horri etekina atera zioten etxekoek bigarren zatian. Iraurgikoek ez zuten lortu markagailuan gerturatzerik, alderantziz baizik: lehendabizikoa bezala, berdinketarekin bukatu zen hirugarren laurdena (11-11); azken laurdena ere parekatua izan zen, baina etxekoentzat izan zen azkenean (18-15).
Datorren asteburuan atseden hartuko du Bigarren FEB ligak eta Zapatu Karnabalean, martxoaren 1ean, puntutan berdinduta baina aste honetan bigarren tokia kendu dion Archena hartuko du Azpeitian Biele ISBk (18:00).
Aurrekoarekin ezin
LF Challenge ligan, zazpigarren postuan den Domusa Teknik ISBk sailkapenean aurretik duen Mallorcako Azulmarinorekin neurtu zituen indarrak herenegun. Mallorcakoak sailkapenean berdintzeko aukera ezin izan zuen baliatu, ordea, Luis Agirre Katxi-ren taldeak. Bigarren laurdena kenduta (21-22 nagusitu zen hor Iraurgi), etxekoak nagusi izan ziren neurketaren une gehienetan, eta ISBkoek ezin izan zituzten asko estutu. 37-31 markagailuarekin amaitu zen lehen zatia (16-9 eta aipatutako 21-22 partzialekin), eta bigarren zatian abantaila areagotuz joan ziren etxekoak (22-15 eta 16-12) amaierako 75-48ra iritsi arte.
Datorren zapatuan, Azkoitiko kirolegian, Kanarietako Adareva taldea hartuko dute Iraurgikoek, 18:00etan hasita.