Txukun aritu da Anaitasuna ligako azken jardunaldian

Ane Olaizola 2025ko ots. 17a, 09:42

Arri, partidako golegile nagusia, larunbatean, neurketa amaitu ondoren. (Anaitasuna)

Larunbatean ligako partida bana jokatu zuten Anaitasunako lehen taldeek larunbatean; emakumeek irabazi egin zioten Lakuari, eta gizonek Urolaren aurka berdindu zuten.

Ligako partida bana jokatu zuten larunbat arratsaldean Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek, eta emakumeek garaipena eskuratu zuten Lakuaren aurka (4-2); gizonek, berriz, partida berdindu zuten Urolarekin (1-1).

Emakumeen Euskal Ligan aritzen den taldeak Txerloian jokatu zuen ligako 22. jardunaldia Gasteizko Lakuaren aurka, eta gol festa izan zen zelaian, Anaitasunaren mesederako. Norgehiagoka hasi eta bost minutura lehen gola sartu zuten arabarrek, baina Mikel Barquerok zelairatutako hamaikakoa ere indartsu agertu zen hasieratik, eta 25. minutuan markagailua berdindu zuen Arrik. Taldearen eta aurrelariaren beraren loraldiaren hasiera besterik ez zen izan Arriren aurreneko gol hura, hurrengo lau minutu eskasetan beste bi gol sartu baitzituen Anaitasunako jokalari hark. Etxekoak aparretan zirela, Lakuak bere bigarrena sartu zuen, eta horrenbestez, markagailua 3-2 zela iritsi ziren taldeak atsedenaldira.

Bide beretik joan zen partidaren bigarren zatia ere, eta haren hondarrean sartu zuen Anaitasunak laugarrena; orduan ere Arrik bidali zuen baloia sarera, eta ezbairik gabe, hura izan zen partidako protagonista, Anaitasunaren golegile nagusi eta bakarra izanda.

Partida 4-2 amaituta, Anaitasunak beste hiru puntu eskuratu zituen, eta sailkapeneko 12. postuan kokatu zen. Aste honetan, berriz, bederatzi puntu gehiagorekin sailkapeneko zortzigarren postuan den Ugaoren aurka neurtuko dituzte indarrak azkoitiarrek aurkarien futbol zelaian.

Puntu bat Zumarragatik

Gizonek ere partida eguna izan zuten larunbatekoa, baina haiek etxetik kanpo jokatu zuten Ohorezko Erregionalen 21. jardunaldia Urola taldearen aurka. Emakumeek bezala, indartsu hasi zuen haiek ere norgehiagoka, partida hasi eta berehala Azkoitiko taldea aurretik jarri baitzen, bigarren minutuan Oihanek gola sartu ondoren. Parekotasun handiko minutuak izan ziren Urolaren Argixao futbol zelaian, eta markagailua bere horretan zela amaitu zen lehen zatia. Bigarrenean, berriz, Urolak gola sartu zuen, eta Zumarragako taldeak partida berdintzea lortu zuen. Bi taldeek ezin izan zuten beste golik sartu, eta azkenean, puntuak banatuz amaitu zuten neurketa.

Beste puntu bat etxeratuta, sailkapeneko zortzigarren postuan da Anaitasuna, eta datorren jardunaldia bi postu lehenago dagoen Zumaiako taldearen aurka jokatuko dute gorritxoek, Txerloian. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide