Gaur eguerdian emakume pilotari profesionalen Ados pilota elkartearen eskuz binakako txapelketako bi partida jokatu dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Lehen mailako lau bikote aritu dira nor baino nor gehiago.
Aurreneko partidan, Aranburuk eta Mujikak Iturriagaren eta Mendibururen kontra jokatu dute. Partidaren hasieratik aurrea hartuta hasi dira Iturriaga eta Mendiburu, baina gero markagailuan gerturatu egin zaizkie aurkariak. Bukaeran nahiko justu ibili arren, azkenean garaipena Iturriaga eta Mendiburu bikotearentzat izan da, 19-22 eginda.
Bigarren partidan, berriz, Barrokalek eta Arrastiak Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Galeano izango dituzte lehiakide. Barrokal eta Arrastia txapelketako liderrak dira, eta postu horri eusteko lanak egin dituzte gaur Gurean. Hala, garaipena bikote horrentzat izan da 22-10 irabazita.
Abenduan hasi zuten txapelketa Olaberrian (Gipuzkoa), eta finala Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dute martxoaren 29an, larunbatez. Txapelketako partidak 25 herritan jokatuko dituzte.