Kantari saioa lehen aldiz Azkoitira iritsiko da datozen asteetan. Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Bizilore eskola aktiboko ikasleek parte hartuko dute musika oinarri duen saioan, eta Azkoitia Gukan ikusi ahal izango dira emanaldiak martxoaren erditik aurrera.
Kantari Azkoitia Gukak eta Abaok elkarlanean antolatu dute, Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Orotara, 125 bat umek parte hartuko dute karaoke saioetan, taldeka, eta etzi, igandea, egingo dute entsegua, Baztartxo antzokian.
Ikuskizunaren grabaketak, berriz, hilaren 22an, larunbatez, gauzatuko dituzte, Malen Balerdiren eta Beñat Arizabaletaren gidaritzapean. Herritarrek Baztartxora joan ahal izango dute grabaketak ikustera, 16:00etatik 20:00etara; ez da gonbidapenik beharko, hara joanda aski izango da. Besteren artean, Nogen, Kai Nakai, En Tol Sarmiento eta Gatibu taldeen kantak abestuko dituzte 7 eta 12 urte bitarteko umeek. Ez da irabazlerik izango; izan ere, parte hartzea sustatzea da egitasmoaren xedea.
Saioetan parte hartuko duten haurrek hiruzpalau aste daramatzate abestiak beren kasa entseatzen. Kantak zozketa bidez banatu zizkieten egitasmoaren sustatzaileek, adin bakoitzerako egokienak zeintzuk ziren zehaztuta.
Kantari lehen aldiz iritsiko da Urola Kostara, Azkoitian egingo dituzten saioekin. Dena den, aurretik, hainbat urtetan egin dute karaoke ikuskizuna Debagoienan.