Pentsiodunen HELaren aldeko sinadura bilketa hasiko dute Azkoitian

Ane Olaizola 2025ko ots. 13a, 12:08

Azkoitian ere sinadurak biltzen hasiko dira pentsiodunak herri ekinaldi legegilea eztabaidatu eta bozkatu dezaten Legebiltzarrean. Datorren zapatuan, eliz atarian jarriko dute mahaia.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) pentsioak osatzeko sistema bat sortzeko lanean ari da, 60 urtetik gorako pentsiodunei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzeko. Eusko Legebiltzarrean Herri Ekinaldi Legegile (HEL) bat eztabaidatzea eta bozkatzea lortu nahi dute, eta hori babesteko sinadura bilketa kanpaina dute martxan apirilera bitartean. Hain zuzen, beste hainbat herritan egin duten bezala, Azkoitian ere herritarren sinadurak biltzen hasiko dira. Datorren larunbatean, hilaren 15ean, jarriko dute horretarako mahaia, 10:30etik 12:30era bitartean, eliz atarian.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 urtetik gorako pertsona guztiek sina dezakete Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren lege proposamena, eta sustatzaileek aukera duten herritar guztiak gonbidatu dituzte horretara, "denen mesederako" izango delakoan. "Kontu honek denoi eragiten digu eta ahalik eta sinadura gehien biltzea komeni da", esan dute. Sinatzerakoan beharrezkoa izango da Nortasun Agiria eramatea.

Hamahiru artikuluz osaturiko lege proposamena da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duena, eta artikulu garrantzitsuenak dira honakoak: aldez aurretik prestazio guztiak jaso direla egiaztatzea; Araba, Bizkai edo Gipuzkoan modu jarraituan bizitzea; pentsioren baten onuradun izatea; eta premia egoera egiaztatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide