ISBren emakumeek irabazi eta gizonek galdu egin dute etxean

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 10a, 10:49

Domusa Teknik ISBko Jessie Edwards saskiratzear, herenegun, Azpeitiko kiroldegian. (MIkel Amenabar)

Bigarren LEB zein LF Challenge ligetan sailkapenaren behekaldean dabiltzan taldeak hartu dituzte asteburuan Iraurgiren talde nagusiek. Domusa Teknik ISBk etekina atera du, Canoe 66-58 gaindituta; Biele ISBri, aldiz, ihes egin dio garaipenak Clavijoren kontra (75-78).

Etxetik kanpo aritutako aurreko jardunaldi antzua ahazteko aukera ona zuten, printzipioz, Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek azken asteburu honetan. Biak etxean, Azpeitiko kiroldegian, eta biak beren ligetako sailkepenetan atzeko partean dabiltzan taldeen kontra aritu dira. Hala ere, Domusa Teknik ISBk bakarrik atera dio etekina egoerari; eta ezusteko kolpea hartu du, aldiz, Biele ISBk.

Denboraldiko 11. garaipena poltsikoratu zuen zapatuan Domusa Teknik ISBk, gorabeheraz betetako neurketa eroan. Lehen zatian, bereziki, zerikusirik ez zuten izan bi laurdenek. Luis Agirre Katxi-ren taldeak indartsu ekin zion partidari, eta hamasei puntuko abantailarekin bukatu zuen lehen laurdena (27-11). Bigarren zatian, ordea, oso bestelakoak izan ziren kontuak: 6-21 partzialarekin, pilatutako aldea ia osorik jan zion Canoek Iraurgiri. Horrenbestez, puntu bakar bat aurretik zirela (33-32) harrapatu zuten atsedenaldia etxekoek. On egin zion atsedenak Domusta Teknik ISBri. Hirugarren laurdenean, hasieran erakutsitako nagusitasunera itzuli zen taldea markagailuan (18-10); eta azken txanpan, erronkarik gabe, baina estutasunik gabe ere bai, abantaila kudeatzen jakin zuten Iraurgikoek (15-16), amaierako 66-58koa sinatzeko.

Garaipen horrekin, LF Challenge ligaren sailkapeneko zazpigarren postuan jarraitzen du Azpeiti-Azkoitiko taldeak, eta atzetik duen taldearekiko bi garaipeneko tartea irekita. Eta datorren zapatuan, garaipen bakarraren aldearekin aurretik duen Mallorcaren kantxan lehiatuko dira Katxiren emakumeak.

Azken laurdenean huts

Bigarren LEB ligaren sailkapenean gorago dabil Biele ISB, bigarrena da, baina jarraian pilatu dituen bi porrotek dezente estutu dute Iñaki Merinoren taldeak atzetik dituenekiko zuen tarteak.

Aurreko astean, goikaldeko beste talde baten etxean –Insolac Caja 87– eta jipoia hartuta (97-60) galdu zuen Iraurgiren gizonen talde nagusiak. Atzo, kolpe hari beste bat gehitu zitzaion Biele ISBkoentzat, sailkapenean azken hirugarrena den Rioverde Clavijok ezustekoa eman eta irabazi egin baitzuen Azpeitiko kiroldegian.

Alde nabarmenik lortu gabe, baina markagailuan beti aurretik ibili ziren Merinoren gizonak azken laurdenera arte: 21-16 irabazi zuten lehen laurdena, 42-39 iritsi ziren atsedenaldira, eta aipatutako azken laurdenaren hasieran, sei puntu aurretik ziren etxekoak (58-52). Baina azken hamar minutuetan ihes egin zien garaipenak Biele ISBkoei: Errioxako taldea 16-27 partzialarekin nagusitu zen laugarren laurdenean, eta urrezko garaipenarekin itzuli zen etxera.

Cultural y Deportiva Leonesa izango da Biele ISBren hurrengo aurkaria. Igandean jokatuko dute neurketa, Leonen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide