Nahi bezala ez, baina txukun joan da asteburua Anaitasunarentzat. Gizonek hutsean berdindu zuten Bergararen aurka herenegun, zapatua, Txerloia futbol zelaian. Atzo, berriz, emakumeek 1-3 irabazi zioten Erandioko Betiko Neskak taldeari, Erandiora (Bizkaia) egindako bisitan.
Txerloian, lehia parekatua jokatu zuten Anaitasunak eta Bergarak. Gorritxoek aukera ezin hobea zuten aurkari zuzen bati irabazi eta hura sailkapenean gainditzeko, baina bi taldeak ahal berezirik gabe aritu ziren; bai bata zein bestea, zelaian ondo kokatuta egon ziren, eta haatik, zaila egin zitzaien aurkariaren defentsako lerroa haustea. Dena den, Anaitasunak protagonismo handiagoa izan zuen lehen zatiaren erditik aurrera, nahiz eta area barruan min handirik ez zuen egin. Bai Anaitasunak, bai Bergarak oso gol aukera gutxi sortu zituzten.
Bigarren zatian ere bide beretik jarraitu zuten bi taldeek. Jarraikortasun gutxi eman zioten bi taldeek beren jokoari, hein handi batean, lehen zatian egindako lanari eutsi ziotelako defentsan. Erasoan distira gutxi erakutsi zuten Anaitasunak eta Bergarak, baina defentsa lan aparta egin zuten. Azkenean, hasi bezala amaitu zen lehia Txerloian, eta puntu bana banatu zuten.
Orain, 30 punturekin, sailkapeneko bederatzigarrena da Anaitasuna; hamahiru puntura du Zarautz liderra, eta bederatzira sailkapeneko bigarrena eta hirugarrena. Datorren asteburuan, Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldearekin neurtuko ditu indarrak Loren Barbadok zuzentzen duen taldeak.
Garaipena Erandion
Bestalde, Anaitasunaren emakumeen taldeak 1-3 irabazi zuen atzo, igandea, Erandion (Bizkaia), eta hala, sailkapeneko beheko postuetatik urruntzeko hiru puntu garrantzitsu bildu zituen. Nolanahi ere, neurketa maldan gora jarri zitzaion Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeari, atsedenaldira iritsi baino bi minutu lehenago etxekoek aurrea hartzeko gola egin zuten eta.
Lehia berdintzeko asmoarekin zelairatu ziren gorritxoak berdegunera bigarren zatian, baina azken ordu laurdenean argia aurkitu zuten. Maria Juaristik atezainari baloia lapurtu eta gero, hark Ane Arrizabalagari egin zion pasea, azken horrek banakoaren gola egin zezan. 88. minutuan egin zuten gorritxoek bigarren gola; bigarren gola egiteko ere atezainak egindako hutsa probestu zuten Azkoitikoek. Kalare Olaizolak kendu zion baloia atezainari, eta hark ere ez zuen hutsik egiten ate aurrean. Norgehiagoka luzapenean zela egin zuen Anaitasunak hirugarren gola; Arette Egigurenek korner jokaldi bateko aldaratzea baliatu zuen gola egiteko.
Lan handia eginda, garaipen garrantzitsua eskuratu zuten Barquerorenek. Sailkapeneko hamabigarrenak dira orain gorritxoak 22 punturekin, eta jaitsierako postuak atzean utzi dituzte. Datorren asteburuan, bost puntu atzetik duen Lakua de Vitoria-Gasteiz taldearen aurka jokatuko du Anaitasunak. Hurrengo lehia ere aurrera atera beharrekoa dute gorritxoek.