Mintzalagun taldeen hitzorduak jakinarazi dituzte, parte hartzaileek egokien datorkiena aukeratu dezaten

Aitziber Arzallus 2025ko ots. 9a, 09:00

Euskaldun berri zein zahar, edonork parte har dezake Mintzalagun programan. Egitasmoan parte hartzea doakoa da, eta nahikoa da 607 61 26 97 telefono zenbakira deitu eta izena ematea.

Badira hamabi urte Azkoitiko AEK euskaltegiak, udalarekin elkarlanean, herrian Mintzalagun programa abian jarri zuela. Euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen ditu egitasmo horrek, taldean mintzapraktika egiteko aukera ahalbidetuz. Aparteko aukera da, beraz, euskara praktikatu nahi baina ezin dutenentzat, ez daukatelako norekin, eta baita euskara ikasteko bidea egiten ari diren horiei lagundu nahi dieten euskaldun zaharrentzat ere.

Parte hartzaileak talde txikietan elkartzen dira, disponibilitatearen, adinaren eta zaletasunen arabera. Izan daiteke kafe bat hartzeko, paseo bat emateko edo beste jardueraren bat gauzatzeko; eta parte hartzaileek eurek erabakitzen dute non eta noiz gelditu.

Edonork parte har dezake Mintzalagun programan: euskara ikasten ari direnek, praktikatzeko beharra dutenek, euskaraz hitz egiteko jende berria ezagutu nahi dutenek, euskara ikasteko bidea egiten ari diren horiei laguntzeko prest daudenek... Egitasmoan parte hartzea doakoa da, eta nahikoa da 607 61 26 97 telefono zenbakira deitu eta izena ematea.

Azkoitiko mintzalagun taldeek hainbat hitzordu zehaztu dituzte dagoeneko, eta parte hartzaile bakoitzak aukera du egokien datorkionera azaltzeko. Oraingoz, hauek dira lotutako hitzorduak: 

  • Astelehenetan, 09:00etan, Presalde gozotegian.
  • Astearteetan, 16:30ean, Zurt tabernan.
  • Astearteetan, 17:30ean, Zurt tabernan.
  • Astearteetan, 19:15ean, Zurt tabernan.
  • Asteazkenetan, 09:00etan, Presalde gozotegian.
  • Asteazkenetan, 19:00etan, Dean tabernan.
  • Ostiraletan, 11:00etan, Orbela tabernan.
  • Ostegunetan, 15:00etan, Loiolan.
  • Ostegunetan, 18:30ean, Donibane okindegian.
  • Ostiraletan, 17:00etan, herriko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide