Izarraitz lanbide heziketak Ekintzailetza Sarien VI. edizioa egin berri du, eta joan zen ostiralean banatu zituzten aurtengo sariak. Erdi mailako zikloetako eta goi mailako zikloetako ikasleek egindako proiektuek jaso zuten aitortza. Aurkezpen fasera sei proiektu igaro ziren, honako hauek: Bidailagun, Bizizaleak eta Naturgrind; eta Biziberri, Furgo Baserri eta Jokua ez da errenta. Proiektu horiek denak asteazkenean aurkeztu zituzten Azkoitiko Elkargunean, hainbat ikasleren aurrean.
Urrats Bat programaren barruan antolatzen ditu sariok Izarraitz lanbide heziketak, eta Iraurgi Berritzenek babesten du egitasmoa. Zikloetako ikasleek, aurrez identifikatutako behar batetik abiatuta, eskualdeko beharrei eta erronkei erantzuten dien negozio ideia bat garatu eta haren bideragarritasuna aztertu behar izaten dute. Saritutako egitasmoak ideia soilak izan ohi dira, baina bat baino gehiago dira negozio ideia hori bideragarri bilakatzeko aukera izango luketenak.
Aurkeztutako proiektu horiek Izarraitz lanbide heziketako eta Iraurgi Berritzeko kideek baloratzen dituzte. Aurten ere, ideia onenak sortu dituzten ikasleek erosketa bonuak eskuratu dituzte, Azkoitiko Herrixen eta Azpeitiko Bertan merkatari elkarteen laguntzari esker. Bonu horiek bi herrietako saltokietan erabili ahal izango dituzte.