Datorren igandean, hilak 16, emakume pilotari profesionalen Ados pilota elkartearen eskuz binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 11:30ean hasita, bi partida ikusteko aukera izango da han; izan ere, lehen mailako lau bikote ariko dira nor baino nor gehiago.
Aurreneko partidan, Aranburu eta Mujikak osatuko dute bikote bat, eta haiek Iturriaga eta Mendiburu izango dituzte arerio. Bigarren partidan, berriz, Barrokal eta Arrastiak Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Galeano izango dituzte lehiakide.
Abenduan hasi zuten txapelketa Olaberrian (Gipuzkoa), eta finala Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dute martxoaren 29an, larunbatez. Txapelketak irauten duen bitartean, guztira, 25 herritan jokatuko dituzte partidak, eta asteburu honetako hitzorduetako bat da Azkoitikoa.
Bi partida horiez gozatu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dute sarrera egunean bertan, Gureako leihatilan bertan.