Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladak Zestoan bilduko dira hilaren 15ean

Andoni Elduaien 2025ko ots. 7a, 08:48

Iaz, Azkoitian egin zuten topaketa. (Nerea Uranga)

Egun osoko egitaraua prestatu dute Urola Erdiko hiru gazte asanbladek. Hitzaldia, bazkaria, olinpiadak, poteoa eta kontzertuak izango dira topaketen egitarauaren barruan. Bazkarirako tiketak salgai daude dagoeneko.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek Urola Erdiko Gazte Asanbladen Topaketa egingo dute hilaren 15ean, larunbatez, Zestoan. Hiru herrietako gazte taldeek egun osoko egitaraua prestatu dute ordurako. Hitzaldia, bazkaria, olinpiadak, poteoa eta kontzertuak izango dira han, hain zuzen.

Goizean ekingo diote egunari, Faxismoaren aurrean gazte langileok zer? izeneko hitzaldiarekin. 11:00etan hasiko da saioa, kiroldegiko aterpean. Leku berean egingo dute bazkaria ere 14:30ean. Bazkalostean, berriz, nor baino nor gehiago ariko dira hiru herrietako gazte asanbladetako kideak; izan ere, olinpiadak egingo dituzte 17:00etan.

Iluntzetik aurrera ere festarekin jarraituko dute, eta 19:00etan, bafle poteoa egingo dute Zestoako kaleetan zehar. 21:30ean, azkenik, kontzertuak hasiko dira Zestoako Gaztetxean. Ekintza, Jipoituak eta Habemus Papam taldeek eskainiko dituzte kontzertuak; azken musika talde horrek, gainera, EP berria aurkeztuko du.

Txartelak, salgai

Gazte asanbladek dagoeneko salgai dituzte bazkarirako eta kontzertuetarako sarrerak. Hain justu, hiru aukera ezberdin eman dituzte datorren asteko topaketetarako: bazkarirako txartelak 12 euro balio du; kontzerturako sarrerak, 5 euro; eta azkenik, bazkaltzeko nahiz kontzerturako txartel bateratuak, 15 euro.

Azkoitian Dean tabernan ari dira txartelak saltzen, Azpeitian Haginpe tabernan eta Zestoan Koiote tabernan.

Egitaraua

Hona hemen Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek topaketetarako antolatutako egitaraua:

  • 11:00etan, hitzaldia, kiroldegiko aterpean: Faxismoaren aurrean gazte langileok zer?.
  • 14:30ean, bazkaria, kiroldegiko aterpean.
  • 17:00etan, hiru herrietako gazte asanbladen arteko olinpiadak.
  • 19:00etan, bafle poteoa.
  • 21:30ean, kontzertuak Zestoako Gaztetxean: Habemus Papam, Ekintza eta Jipoituak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide