Anaitasuna Kanku karate taldeko Altuna, Larrañaga eta Cuende, Gipuzkoako txapeldun

Andoni Elduaien 2025ko ots. 5a, 11:04

Larrañaga, Cuende, Juan Murillo, Altuna eta Garate. (Anaitasuna Kanku)

Beteranoen mailako txapelketa jokatu zuten Azkoitiko karatekek. Altunak, Larrañagak eta Cuendek kata modalitatean irabazi zuten urrezko domina. Garate, berriz, txapeldunorde gelditu zen bere modalitatean.

Gipuzkoako senior eta beterano mailetako karate txapeldunak dira Anaitasuna Kanku taldeko Asier Altuna, Maite Larrañaga eta Iosu Cuende. Joan den larunbatean, hilak 2, Hondarribiko (Gipuzkoa) Jostaldi pilotalekuan jokatu zuten txapelketa, eta hiru lagunak podiumeko lehen koskara igo ziren. Iñigo Garate laugarren taldekidea, berriz, txapeldunorde izendatu zuten.

Bai Larrañaga, bai Cuende 41 eta 49 urte bitarteko beteranoen kata kategorian lehiatu ziren, eta iaz bezala, karateko laugarren Dan-a den Larrañaga izendatu zuten Gipuzkoako txapeldun. 30 urte baino gehiago daramatza hark karatean, eta gainera, iaz Euskadiko txapelduna ere izan zen. Cuendek, berriz, iazko arantza ateratzea lortu zuen Hondarribian; izan ere, iaz zilarra lortu bazuen ere, aurten urrezko domina irabazi du.

50-59 urte bitarteko beteranoen kata kategorian aritu ziren, bestalde, Altuna eta Garate, biak ere Anaitasuna Kanku taldearen izenean. Altunak irabazi egin zuen txapelketa, eta horrenbestez, urrezko domina jaso zuen hark. Garate, berriz, txapeldunorde izendatu zuten, eta zilarrezko domina jaso zuen.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide