Bingen Aranbarri (Azkoitia, 2005) korrikalariak Azkoitiko Urteko Kirolari Onenaren saria eskuratu zuen joan zen abenduan, eta azken urteetan, beste hainbat sari ere jaso ditu, hala nola 20 urtez azpiko Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketetan; guztiak ere, egindako lanak fruituak ematen dituen seinale. Izan ere, COVID-19aren izurria igaro zenetik, buru-belarri murgilduta dago atletismoan, Pedro Muñoz entrenatzaile duela. Aurten, gainera, Espainiako Kros Txapelketan aritu da Euskal Selekzioarekin.
Haurra zenetik egon da kirolari lotuta Aranbarri: Lehen Hezkuntzan zela, Ikaskirolen aritzen zen futbolean eta saskibaloian. Gerora, berriz, Anaitasuna klubean hasi zen, eta futbola eta korrika egitea uztartu zituen azkoitiarrak hainbat urtetan. DBHko garaian hasi zen Jose Antonio Zulaikarekin eta Aiora Altunarekin lasterka entrenatzen, baina 2020an, pandemiaren ondorioz, futboleko zein atletismoko saioak eten egin zituzten, beste kirol askotakoak bezalaxe: "Banuen Pedro Muñozen berri, behin edo beste txapelketaren batean harekin berotu izan nuelako, eta idatzi egin nion". Gerora zer etorriko zen asko jakin gabe, Muñozekin entrenatzeari ekin zion Aranbarrik.
Pandemia amaitu ostean, bi kirol praktikatzen jarraitzea erabaki zuen Aranbarrik, baina denboraldi amaieran futbola albo batera utzi zuen, atletismoko ibilbideari sakonago ekiteko. Dena den, lasterka gustura aritzen bada ere, futbola uzteko erabakia hartzea ez zen erraza izan Aranbarrirentzat: "Pena eman zidan, kategoriaz igotzea lortu baikenuen denboraldi hartan, baina korrikan noraino iritsi nintekeen ikusteko gogoa neukan". Dagoeneko bi urte daramatza futbolean aritu gabe, eta gaur egun, atletismoa ikasketekin bateratzen du; hain zuzen, korrika ia egunero egiten duela azpimarratu du gazteak.
Bakarkako kirola izanik, korrika egitea "sakrifikatua" ere badela aitortu du azkoitiarrak. Izan ere, futbolean aritzen zenean entrenamenduetarako ordutegia zehaztuta izaten zuen, baina atletismoan, astero plangintza desberdina izaten du, asteko ordutegira egokitzen duelako. Hala ere, bakarrik entrenatzea, "bere erara" jardutea, nahiago duela argi dauka korrikalariak.
Korrikako ibilbideari ekin dionetik lesiorik ez du izan Aranbarrik: "Futbolean eskua zein orkatila apurtu nituen, baina korrika hasi naizenetik, zortez, ez dut lesiorik izan, eta ez naiz gelditu". Lesiorik ez izateak ere izango zuen eraginik haren ibilbidean, azken urteetan atletismoko lehiari ateak ireki baitizkio korrikalariak. Dena den, lehia garrantzitsua bada ere, azkoitiarrak argi dauka bere helburua daukan guztia ematea dela, helmugara iritsitakoan gehiago egin ez izanaren damurik ez izateko.
Batera eta bestera astebururo
Lehietako lehen urratsak herrian bertan egin zituela ondo gogoan du korrikalariak: "Haurra nintzenean, Ikaskirol krosean zein Floreagako krosean parte hartzen nuen, eta horietan aritzeko adina gainditu nuenean hasi nintzen Xeye taldeko kideekin beste herri batzuetako krosetara-eta joaten". Zulaika Xeyeko taldekideak "batera eta bestera" mugitzen zituela oroitzen du hark, eta gaur egun ere gauza bera egiten jarraitzen duela nabarmendu du. COVID-19aren izurritearen ostean, Euskal Herrian zein Espainian hasi zen lehiatzen, eta azken urteetan, txapelketa zein kros ugari irabazi ditu, hala nola 20 urtez azpiko Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak zein Zestoako 44. Herri Kroseko lehia motza.
Pistako atletismoan osatu du batez ere bidea Aranbarrik, eta Muñozekin egin zituen lehen pausoak horretan: "Ezagutzen ez nuen mundu bat zen pistako atletismoarena, eta hasieran, ezinezkoa ikusten nuen iritsi naizen lekura iristea". 2022an, Euskadiko Txapelketan, 18 urte azpikoen kategorian, estreinako urrezko domina eskuratu zuen, eta ibilbideko sari "bereziena" hori izan dela aitortu du; argi dauka sari hori eskuratzea ezinezkoa litzatekeela Muñozen, Altunaren eta Zulaikaren laguntzarik gabe. Astea entrenatzen igaro ostean, asteburu ugari lasterketetan parte hartzen pasatu ohi ditu azkoitiarrak, eta bide horretan, etxekoen laguntza "ezinbestekoa" izan dela nabarmendu du korrikalariak, beraiek arduratu baitira korrikalaria lasterketetara-eta eramateaz.
Denboraldiei dagokienez, urtea bi zatitan banatzen du korrikalariak: bata, azarotik urtarrilera izaten da; eta bestea, urtarriletik uztailera. Hain zuzen, azarotik urtarrilera bitartean krosetan aritzen da. Lokatz artean "gustura" ibiltzen dela aitortu du, nahiz eta proba horiek "exijenteak eta zorrotzak" diren: "Jende asko irteten denez, lekua hartzea zailagoa izaten da, eta norberaren esku ez dauden beste faktore batzuek ere eragiten dute; eguraldiak, esaterako". Aldiz, urtarriletik apirilera artean, pista estalian jarduten dute korrika, eta apiriletik uztailera, aire librean. Proba guztien artean, 1.500 metroko distantzian aritzea du gustukoen Aranbarrik.
Aurten, lehen aldiz, euskal selekzioarekin parte hartu du azkoitiarrak Espainiako Kros Txapelketan. Joan zen hilean, Getafeko (Espainia) Cerro de los Angelesen jokatu zuten txapelketa hori, eta aurrenekoz, 20 urtez azpiko kategoria albo batera utzi eta 23 urtez azpiko mailan aritu zen. Proba jokatu baino aste eta erdi lehenago jaso zuen Espainiako Kros Txapelketan parte hartzeko gonbidapena, eta irailetik azarora bitarteko dinamikari eutsi zion prestaketa lanetarako. Txapelketan hamar kilometroko proba egin zuen Aranbarrik: "Distantzia laburragoetara nago ohituta, baina bakarka zein selekzioarekin txukun aritzea zen nire helburua". Selekzioak sailkapeneko bederatzigarren postua eskuratu zuen, eta bakarka, berriz, 42. sailkatu zen azkoitiarra. Esperientziarekin "gustura" eta halako bizipenak "errepikatzeko gogoz" gelditu da gaztea.
Herriaren aitortza
Iazko abenduaren 20an Azkoitiko Urteko Kirolari Onena izendatu zuten Aranbarri. "Muñozek bidali zidan mezu baten bidez izan zuen izendapenaren berri, baina egia esan, ez nuen saria irabazteko aukerarik ikusten". Bozketa fasean, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariarekin berdinduta geratu zen Aranbarri, eta horrenbestez, berdinketa hausteko bigarren bozketa egin behar izan zuten. Saria jaso zuen unea "hunkigarria" izan zen, bere hitzetan. Izan ere, korrikalariak azaldu duenez, gisa horretako sariak "errekonozimendua" dira, eta Azkoitiko Udalari eskerrak eman dizkio, sariaren bidez herriko kirolariei urtero aitortza egiteagatik.
Sariaz haratago, herrian kirola egiteko dagoen zaletasuna ere izan du hizpide azkoitiarrak. Haren arabera, azken urteetan errotu egin da kirol eskaintza, eta horrek askotariko kirolak probatzeko eta horietan trebatzeko aukera eman die umeei. Oraindik orain, "indar gehien futbolak" duen arren, multikirolari esker "anitzagoa" da herriko kirolzaletasuna, eta horren adibide da Xeye taldean lehen baino kide gehiago aritzea. Hain zuzen, gaur egun Altuna zein Zulaika entrenatzaileek "haur asko" prestatu ohi dituztela nabarmendu du, eta hori egindako esfortzuaren ondorio dela azpimarratu.
Motzean
- Adina: 19 urte.
- Ikasketak: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea.
- Lanbidea: Ikasten ari naizenarekin zerikusia duen zerbaitetan egin nahiko nuke lan.
- Korrikalaria ez banintz… futbolean jarraituko nuke.
- Korrika egindakoan gogoko dut… dutxatu eta afaltzea gustatzen zait.