Korapiloa

Beste bat da

Ihintza Elustondo 2025ko mar. 21a, 10:42

Nagore Aranburu, 'Querer' telesailean. (Movistar Plus)

Ihintza Elustondo kazetariak otsaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Beste bat da'.

Kazetaritzak etenik ez duenez, Gabonetako egun batzuetan lana egitea tokatu zitzaidan. Abenduaren 30a izan zen lehen eguna, eta hasiera batean, ezer arrarorik ez: gure herrietan zer berri zen arakatu, hainbat albiste egin Guka hedabideetan, herritarren bati telefonoa hartu... Iluntze aldean etorri zen ezustea: indarkeria matxista kasu bat gertatu zen Azpeitian.

Gertukoek askotan galdetzen didate nola jakiten dugun halako albisteen berri. Batzuetan –kasu horretan bezala– Ertzaintzak ohar bat atera zuen, eta handik lortu genuen informazioa. Beste askotan, kaleko zurrumurruen berri izaten dugu, eta aspalditik dakigu esaten dutenaren erdia gezurra izaten dela. Beraz, ezinbestean konfirmatu behar izaten ditugu albisteak, iturrira joz.

Urtezahar egunean, sansilbestreen berri eman genuenean, hango eta hemengo mobilizazioen berri eman genuenean –tartean Urola Erdiko Itaiak eraso matxistak salatzeko egindakoa–, orduantxe kalera trago bat hartzera irten berri, mezu bat jaso nuen: "Orain ere zerbait gertatu da ba".

Urtezahar gaua, 20:51. Norbait atxilotuta eraman zutela. Pentsatu nuen albisteak hurrengo egunera arte itxarongo zuela eta lasai hartu nuen lagunekin azkenengo tragoa.

Ertzaintzaren prentsako telefonora deitu nuen Urteberri egunean. Bezperan Azpeitian norbait atxilotu ote zuten galdetu nion. Bost minutu hartu zituen begiratzeko, eta esan zidan: "Indarkeria matxista kasu bat da". Eta nik erantzun: "Ez, ez, horren berri eman genuen orain bi egun, beste zerbait izan behar du honek". Eta berak: "Ez, ez, hau beste bat da".

Ertzaintzaren ahotsak oihartzun egiten dit oraindik belarrian: "Hau beste bat da".

Burura etorri zait Iñigo Errejonen auzian epaile lanetan aritu den Adolfo Carretero; indarkeria instituzionalaren erakusle garbia, salatzaileaz gain, salaketa jartzeko asmoa izan dezaketen biktima posible guztiak mindu eta iraindu dituena. Baita emakume guztiok ere. Querer telesaileko Mirenez ere oroitu naiz, bikote normal baten etiketapean urteetan indarkeria jasan duen emakumeaz. Zenbat egiazko Miren ote daude fikziozko pertsonaia horren atzean. Eta gogora etorri zait Nevenka Fernandez; erasotzailea Ponferradan gelditu zen arren, bizimodua Dublinen eraiki behar izan duen sexu jazarpenaren biktima garbia.

Aurreko batean Jose Mari Pastorri irakurri nion, oro har, pertsona batek guraso izan behar duenean, nahiago duela semea izatea alaba baino. "Ororen gainetik, arrazoi bat dago horrela pentsatzeko: gauean lasaiago egingo dute lo gurasoek".

Hau bai dela pandemia, eta honek ez du mundurik gelditzen.

Eta bien bitartean, ertzainaren ahotsak oihartzun egiten dit oraindik belarrian: "Hau beste bat da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide