Ikastetxeetatik kalera, santa eskera

Andoni Elduaien 2025ko ots. 4a, 15:30

Herriko ikastetxeak kalera atera dira gaur, Santa Ageda bezpera, santa eskera. Taldeka banatuta, nonahi entzun dira koplak eta makila kolpeak, baita trikiti eta pandero hotsak ere.

Santa Ageda bezpera da gaur, asteartea, eta usadio zaharrari eusteko asmoz, ikastetxeetatik kalera atera dira gaur ikasleak. Floreaga, Xabier Munibe eta Azkoitia BHI ikastetxeak taldetan banatuta ibili dira goiz osoan, eta eguraldi ederrak lagunduta, nonahi entzun dira koplak eta makila kolpeak.

Makilak eskuan eta zapiak lepoan, herriko eraikin esanguratsuenak bisitatu dituzte, tartean, besteak beste, udaletxea, anbulatorioa, Kontzejupea edota eliz ataria. Azkoitia BHIkoek eta Floreagakoek egin diete bisita udal ordezkariei. Aurrena, Azkoitia BHIkoak izan dira udaletxean, eta haiek udalaren bilkura areto nagusira igo dira kantura. 11:45 inguruan, berriz, Floreagakoak Kontzejupean elkartu dira. Bi eskoletakoei koplekin erantzun die Ana Azkoitia alkateak, Marijose Arregik soinuarekin eta Sonia Vazquezek laguntzen zien bitartean.

Ahotsa fin edukitzea ezinbestekoa izan ohi da gaurko egunez, baina baita izara zuri luzea prest izatea ere. Denak ere ondo prestatuta atera dira kalera, eta herritarrei nahiz eraikinetako ordezkariei "limosnak" eskatu dizkiete, koplak dion modura.

Bizilore Eskola Aktibokoak, berriz, San Martin auzora joan dira eguerdian. Auzoan zehar aritu dira gaurko egunerako prestatutako koplak kantatzen, eta atzo, San Blas egunez, ikasleek beraiek egindako opilak banatzen.

(Argazkiak: Ane Olaizola, Andoni Elduaien eta udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide