Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen zapatuko 'Arizona' antzezlana ikusteko

Andoni Elduaien 2025ko ots. 4a, 09:44

Garmendia eta Plazaola dira 'Arizona' antzezlaneko protagonistak. (Javier Naval/Txalo)

19:00etan hasiko da zapatuan antzezlana. Baztartxo goraino beteko da Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek antzeztutako obra ikusteko. Entradium atarian azken sarrera bakan batzuk daude salgai.

Datorren zapatuan, otsailak 8, Txalo Produkzioak ekoiztetxeak Arizona antzezlan berria aurkeztuko du Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da han Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek antzeztutako obra, eta hura ikusteko sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 10 euroan. Nolanahi ere, antzezlana antzokian ikusi nahi dutenek bizi mugitu beharko dute, sarrera gutxi batzuk baino ez baitira gelditzen aretoa betetzeko.

Juan Carlos Rubiok idatzi eta Kepa Errastik itzulitako testuak mugei, migrazioari, giza ergelkeriari eta manipulazioaren mugei buruzko gogoeta egiten du, bizitzaren basamortuan galdutako bi gizakiren arimaren erretratu tragikomikoa egiteaz gain.

Hain justu, Margareth (Garmendia) eta George (Plazaola) Arizonako mugaraino joango dira. Lehenengoa, amets batekin: musikal bat egitera; bigarrena, berriz, misio bat betetzera, "proiektuak" hala aginduta: bikotea bizilagunengandik banatzen dituen muga marrazten den lekuraino joango da hura defendatzera, zelatan, ezkutuan, muga gurutzatzeko aukera txikienaren zain dauden horiengandik defendatzera.

Muturreraino eramandako bi pertsonaiak parodia zoroena eta tragedia gordinena banatzen dituen mugaren gainean jolasean ibiliko dira, aktualitateko gai unibertsal hori oholtzan jarri, eta hari tragedia, komeria eta musikal kutsua emanez. Erakutsi nahiko dute Arizona ez dagoela Euskal Herritik urrun; baizik eta, Arizona Euskal Herrian ere badagoela, Behobian, hemengo hiri bakoitzean, edota gizaki bati bizitza hobea lortzea eragozteko altxatua den harresi bakoitzean.

Gukaren zozketa, martxan

Bestalde, Gukako bazkideek antzezlanerako sarreren zozketan parte hartzeko aukera dute osteguneko 12:00etara arte. Azkoitiko Kultura sailaren eskutik, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Gukak parte hartzen duten bazkideen artean. Honako lotura honetan eman dezakete izena bazkideek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide