Anaitasunaren lehen bi taldeek galdu egin dute gaur, zapatua. Bai emakumeen taldeak, bai gizonenak arratsaldean jokatu dituzte beraien partidak, baina esku hutsik amaitu dituzte biek lehiak. Emakumeek 0-2 galdu dute Irungo (Gipuzkoa) Mariño taldearen aurka Txerloia zelaian, eta gizonek 3-1 galdu dute Añorgako (Gipuzkoa) Rezola zelaian.
Mikel Barquerok zuzentzen duen emakumeen taldeak lehia zaila zuen gaur. Sailkapeneko goiko postuetan dagoen Mariño izan dute gaur lehiakide, eta beste behin, agerian gelditu da sailkapenaren goiko eta beheko taldeen artean dagoen aldea. 25 minutuz eutsi dio Anaitasunak Irungo taldeari, orduan hartu baitute aurrea kanpokoek. Gorabehera askorik ez da izan ordutik atsedenaldira bitartean berdegunean; oreka handiko lehia jokatu dute, biek parean aurkeztu dituzte indarrak.
Atsedenalditik bueltan, lehia ahalik eta azkarren berdintzen saiatu dira gorritxoak, baina, azkenean, saria Irungoek lortu dute. 62. minutuan egin dute huts eta bikoaren gola, eta hala, guztiz bideratuta utzi dute norgehiagoka. Dena den, emaitza okerragoa izan zitekeen Anaitasunarentzat, Naira Uria atezainagatik izan ez balitz. Neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela, epaileak Mariñoren aldeko penaltia adierazi du, baina Uriak jaurtitzailearen asmoak usaindu, jaurtiketa zein aldetara egin behar zuen igarri, eta baloia gelditzea lortu du.
Azkura gutxi sortu diote gorritxoek Irungoei, ordea, eta ezin izan dute puntu bat lortzeko borroka egin. Ligako hogei partida jokatuta, Anaitasuna sailkapeneko hamabigarrena da gaur-gaurkoz, hemeretzi punturekin. Datorren astean, Erandioko Betiko Neskak taldearekin neurtuko ditu indarrak Barqueroren taldeak, Erandion (Bizkaia). Gorritxoek baino hamar puntu gehiago dituzte egun bizkaitarrek.
Kanpoko zailtasunak, agerian
Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldeak 3-1 galdu du Añorgako Rezola zelaian. Partida hasi eta segituan Oihan Etxanizek Anaitasuna aurretik jartzeko gola egin badu ere, etxekoek ordu laurdena betetzerako berdindu dute norgehiagoka. Hasierako minutu onak egin dituzte gorritxoek, baina alferrik izan da orduko ahalegina; izan ere, Añorgako taldeak Anaitasuna estutzen segitu du, eta ordu erdia bete aurretik gola egiteko bi abagune garbi sortu dituzte. Lehen saiakeran, Anaitasunako Josue Goenaga atezainak eten du baloia, eta bigarrenean, gola lortu dute Añorgakoek. Epaileak, baina, baliogabe utzi du jokaldia, Añorgako jokalari bat metro batzuk aurrerago zegoela eta, haren jokoz kanpokoa adieraziz.
Atsedenaldira arteko tartea mugitua izan da zeharo. Anaitasunak jo du lehen kolpea, baina etxekoek emandako erantzuna zitalagoa izan da, haiek area barruko aldaratze batean lortu baitute markagailua iraultzea. Goenaga atezainak, gainera, etxekoen hirugarrena ere ekidin du meritu handiko geldiketa bat eginda. Nolanahi ere, gorritxoek ez dute bururik jaitsi, eta Galder Guembek baloia zutoinera bidali du atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian.
Partida berdintzera zelairatu da Anaitasuna aldageletatik bueltan, eta aukera on bat baino gehiago sortu ditu aurreneko minutuetan. Esaterako, Etxanizek egindako errematea atzelari batek urrundu du 57. minutuan, eta handik minutu gutxira, Ion Izagirrerek egindako burukadan gutxigatik joan da baloia kanpora. Azkoitikoek berdinketa merezi zutenean, ordea, gola etxekoek egin dute, eta hala, irauli ezina egin zaio lehia Anaitasunari.
Etxetik kanpoko zailtasunak agerian gelditu dira, beste behin, gaur; sasoi honetan Txerloiatik urrun jokatutako bederatzi partidatan zazpi puntu baino ez ditu pilatu Barbadoren taldeak. Datorren astean etxean arituko dira gorritxoak, eta gainera, aurkari zuzen bat izango dute arerio: Bergara. Anaitasunak baino hiru puntu gehiago dituzte Bergarakoek, eta beraz, goiko postuetako taldeen tropelari eusteko ezinbestekoa izango dute haiek mendean hartzea.