Material eta elikagai bilketa egin dute Tindufeko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei laguntzeko

Andoni Elduaien 2025ko ots. 1a, 15:48

Bi boluntario materiala biltzen, gaur goizean. (Ihintza Elustondo)

Wadna elkarteko kideak eta boluntarioak Tindufeko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei emateko materiala eta janaria biltzen aritu dira. Guztira, 80 kaxa jaso dituzte. Datorren astean, Floreaga eta Xabier Munibe eskoletan utzi ahal izango dira produktuak.

Zestoako Wadna elkarteak Sahararen aldeko elikagai eta material bilketa egin du gaur, zapatua, Azkoitiko Eroski supermerkatuan. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren milaka errefuxiatuei laguntza eskaintzeko asmoz aritu dira elkarte horretako kideak eta boluntarioak bilketa egiten. Wadna elkarteak arroza, pasta, oliotan bildutako atuna nahiz sardinak, azukrea, konpresak eta lekaleak —babarrunak, dilistak, garbantzuak— eskatu ditu, eta adierazi dutenez, 80 kaxa bete dituzte, guztira.

Herriko kastetxeetan ere egingo dute bilketa astelehenetik aurrera; ostiralera bitartean, Xabier Munibe ikastolan eta Floreaga ikastetxean izango dute herritarrek elkarteak eskatutako produktu horiek guztiak uzteko aukera. Materialak eta elikagaiak eskolen sarreretara bideratzeko eskatu dute, eskolekin koordinazioan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide