Tindufeko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei laguntzeko bilketa egingo du Wadna elkarteak bihar

Andoni Elduaien 2025ko urt. 31a, 09:03

Azkoitiko Eroski supermerkatuan egindako bilketa bateko irudia.

Eroski supermerkatuan egingo dute elikagaien eta materialen bilketa, 10:00etatik 13:00etara. Datorren astean, berriz, Xabier Munibe eta Floreaga ikastetxeetan egingo dute bilketa, astelehenetik ostiralera.

Zestoako Wadna elkarteak Sahararen aldeko elikagai eta material bilketa du martxan. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren milaka errefuxiatuei laguntza eskaintzeko asmoz, bihar, zapatua, egingo du bilketa Azkoitian. Eroski supermerkatu handian jarriko dute materiala eta elikagaiak biltzeko postua, 10:00etatik 21:00etara. Wadna elkarteak eskatu dituen produktuen artean daude arroza, pasta, oliotan bildutako atuna nahiz sardinak, azukrea, konpresak eta lekaleak —babarrunak, dilistak, garbantzuak—.

Kalean bezala, bi herri horietako ikastetxeetan ere egingo dute bilketa datorren astean; astelehenetik ostiralera arteko epea zehaztu dute eskoletarako. Hain justu, Azkoitian, Xabier Munibe ikastolan eta Floreaga ikastetxean egingo dute bilketa.

Bestalde, Wadna elkarteak gogorarazi du martxan dela Oporrak Bakean programa, errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrak udan Euskal Herriko etxeetan hartzea xede duena. Esperantzari leiho bat lelopean egingo dute aurtengo kanpaina, eta Wadna elkarteak zein Darahli elkarteak dei egin diete Urola Kostako familiei uztailean eta abuztuan haurren bat etxean har dezaten. "Familia beharra izaten da, eta horretarako prest dauden familiak ongietorriak izango dira. Badakigu oso zaila dela konpromiso hori hartzea, baina jendea animatu nahi dugu", azaldu dute Wadna elkartetik.

Programan parte hartu nahiko luketen familiak Wadna elkartearekin jarri beharko dute harremanetan martxoaren 15a baino lehen, wadna.zestoa@yahoo.es helbide elektronikora idatzita edo 650 96 66 98 telefono zenbakira deituta. Wadnarekin ez bada, Darahli elkartearekin ere jar daiteke harremanetan, darahlizumaia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide