Batzorde berria du Anaitasuna mendi bazkunak

Andoni Elduaien 2025ko urt. 30a, 12:08

Urain, Arzalluz, Zubizarreta, Iturralde eta Alberdi. (Andoni Elduaien)

Bost lagunek osatutako batzorde berria izango du Anaitasuna mendi bazkunak aurrerantzean. Urteko ekintza planari eustea eta hilean mendi irteera bat antolatzea dira, besteak beste, batzorde berriaren asmoak. Egun, 645 bazkide ditu herriko mendi taldeak.

Anaitasuna mendi bazkunak batzorde berria izango du aurrerantzean. Atzo, asteazkena, urteko batzar nagusia egin zuen mendi taldeak Elkarguneko Oteiza aretoan, eta han onartu zuten batzorde aldaketa. Alaitz Oruesagastik, Igotz Epeldek, Ander Puertasek eta Leire Garatek utzi dute lau urtez lan egin duen batzordea, eta Xabi Iturraldek, Ioritz Alberdik, Mirari Arzalluzek, Ihintza Urainek eta Klara Zubizarretak osatutako talde berriak hartuko du erreleboa; Iturralde izango da, gainera, mendi bazkunako presidente berria.

Bost gazte horiek osatuko duten batzorde berriak orain arte mendi taldeak egin izan dituen urteko ekintza guztiei eusteko asmoa du, baita hilean mendi irteera bat egitekoa ere. Esaterako, urtarrilerako eta otsailerako oinezko mendi irteera bana antolatu du batzorde berriak Pirinioetara.

2024. urteko memoria, diru kontuak eta askotariko gaiak izan zituzten hizpide atzoko saioan. Besteak beste, mendi bazkunako bazkideen bilakaeraz aritu ziren aurreko batzordeko Garate eta Oruesagasti. Gaur-gaurkoz, Anaitasunak 645 bazkide ditu, horietatik 493 federatutakoak. Azken hamar urteetan, bazkide soilek behera egin dutela adierazi zuten, eta, aldiz, gora bazkide federatuek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide