Ostegunetik aurrera doakoa izango da Gipuzkoako garraio publikoa 12 urtetik beherakoentzat

Andoni Elduaien 2025ko urt. 28a, 09:51

Autobus bat, Aizkibel liburutegiaren ondoko geralekuan.

Doan bidaiatu ahal izateko, erabiltzaileek ezinbestekoa izango dute Mugi txartel pertsonalizatua izatea. Nolanahi ere, egun Mugi Gaztea G txartela duten adingabeek ez dute tramiterik egin beharko doakotasuna baliatzeko; neurriak Mugi pertsonalizaturik ez duten 12 urtetik beherakoei eragiten die.

12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute etzitik aurrera Gipuzkoako garraio publikoan. Doakotasunaz baliatzeko, ordea, ezinbestekoa izango dute erabiltzaileek Mugi txartel pertsonalizatua izatea. Azahara Dominguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidenteordeak eman zuen atzo albistearen berri, aldundiak eta Mugi sisteman integratutako operadoreak akordioa izenpetu eta gero.

Mugi Gaztea G txartela duten adingabeek ez dute tramiterik egin beharko garraio publikoan doan bidaiatu ahal izateko; izan ere, txartel hori egun 25 urtetik beherakoek erabiltzen duten bera da. Neurriak Mugi pertsonalizaturik ez duten 12 urtetik beherakoei eragiten die, eta, hain justu, horiek eskatu beharko dute Mugi txartela. Eskaera telematikoki edo aurrez aurre egin daiteke, baina online egitea gomendatu dute. 

Dominguez diputatuak adierazi zuen "berri bikaina" dela haurrei garraio publikoaren doakotasuna bermatzea. "Familia askorentzat aurrezpen oso garrantzitsua izateaz gain, oso txikitatik mugikortasun ohitura iraunkorrak ezartzeko aukera ematen du", esan zuen. Era berean, gogorarazi zuen "egiturazko neurria" dela, "geratzeko iritsi dena".

Bestalde, %50eko deskontuei dagokienez, GGLAko presidenteordeak "lasaitasun" mezua zabaldu zuen. "Garraio publikoan %50eko beherapenak disfrutatzen jarraituko dugu, abenduan egindako GGLAren batzarrean hitz eman genuen bezala. Bitartean, gainerako administrazioekin harremanetan jarraituko dugu, datozen egunetan zer pauso eman ikusteko", azaldu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide