Ondarroako VI. Naberan herri krosa irabazi du Iñaki Elolak

Andoni Elduaien 2025ko urt. 27a, 15:06

Iñaki Elola, VI. Naberan herri krosean korrika. (Utzitakoa)

Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko korrikalariak 32 minutu eta 44 segundoan amaitu zuen proba, bigarren sailkatuak baino hamabi segundo eskas lehenago.

Ondarroako (Bizkaia) VI. Naberan herri krosa irabazi du Iñaki Elola Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko korrikalariak. Azkoitiko bizilaguna da albizturtarra, eta hark 00.32.44 denbora egin zuen zapatuan proba irabazi ahal izateko.

Elolaren atzetik, Julen Etxebarria sailkatu zen bigarren, Xeyeko korrikalariak markatutako denboratik hamabi segundo eskasera; aldiz, Ibon Badiola sailkatu zen hirugarren, 00.33.01 denbora eginda. Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatzen du Jose Mari Naberanen omenezko herri krosa, izaera herrikoia eta inklusiboa duen proba.

Larrañaga, hirugarren Idiazabalen

Bestalde, Imanol Larrañaga korrikalariak Idiazabalgo (Gipuzkoa) 44. Herri Krosean parte hartu zuen atzo, igandea, eta hura hirugarren sailkatu zen, Ismail Chkhichekh (00.32.04) eta Unai Ibarra (00.32.36) korrikalarien atzetik. 10 kilometro pasatxoko proba osatu behar izan zuten korrikalariek, eta azkoitiarrak 00.33.04 denboran osatu zuen ibilbidea, irabazleagandik minutura helmugaratuz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide