Kursaalera 'La Traviata' opera ikustera joateko autobusa jarriko dute

Andoni Elduaien 2025ko urt. 27a, 12:13

Nina Minasyan sopranoak abestuko du Kursaalen. (Nina Minasyan)

Kontzertu dramatizatu bertsioan eskainiko dute Verdiren La Traviata otsailaren 4an, asteartez, Donostiako Kursaalen. Musikazaleen joan-etorria errazteko, doako autobusa jarriko dute Azkoititik.

Otsailaren 4an, asteartez, Verdiren La Traviata opera bertsio dramatizatuan ikusteko eta entzuteko aukera izango da Kursaalen, eta hara autobusez doan joan-etorria egiteko aukera izango dute azkoitiarrek Kursaal Eskura egitasmoari esker. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta autobusa 17:30ean abiatuko da Julio Urkixo etorbideko geralekuaren paretik.

Autobus zerbitzua erabili nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena; hain justu, urtarrilaren 29a baino lehen udalaren Kultura saileko 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta edo kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita eman beharko da izena. Dena den, autobuserako izena eman ahal izateko, nahitaezkoa izango da aurrez emanaldirako sarrerak erosita izatea.

Emanaldirako sarrerak kursaal.eus webgunean eros daitezke. Langabetuek eta 30 urtez azpikoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrera, eta horretarako sarrera eta autobusa, biak erreserbatu beharko dituzte. Gainera, kontzertuaren egunean bertan egin beharko dute ordainketa, Kursaaleko leihatilan adina eta lan egoera baieztatu ondoren.

Perry So zuzendariaren lana da Kursaalen ikusi eta entzun ahal izango dena, eta Iñigo Santacanak zuzentzen du kontzertu dramatizatu bertsioan. Kursaalera doazen herritarrek, besteak beste, Verdiren lanetan espezializatutako Nina Minasyan sopranoa bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide