Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepideko zirkulazioaren erabateko etenaldiak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak nabarmendu du material eta harri handiak errepidera erortzeko "arrisku larria" dagoela, eta hori horrela izanda "beharrezkoa" izango dela errepidearen zirkulazioa tarteka erabat etetea. Dena den, eten horiek puntualak eta laburrak izango direla aurreratu du erakundeak.
Eten horien berri gutxienez 15 minutu lehenago emango du aldundiak, "ezin izango baitira lehenago aurreikusi". Jakinarazpen horien nahiz errepidearen egoeraren berri uneoro emango dute GI-631 Obra izena duten Whatsapp eta Telegram kanaletan.
Aldundiak azaroan hasi zituen errepide horretako bigarren faseko obrak. Fase berrian aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana, gutxi gorabehera kilometro eta erdiko distantzian. Lanek 13,3 milioi euroko aurrekontua dute eta 31 hilabeteko epean gauzatuko dituzte.