Azaroaren 4an hasiko dituzte Azkoititik Urretxura doan errepidearen bigarren faseko lanak

Iraia Oteiza 2024ko urr. 23a, 15:27

GI-631 errepideko bigarren faseko lanen aurkezpena, gaur. (Iraia Oteiza)

Fase berri honetan aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana. Lanek 13,3 milioi euroko aurrekontua dute eta 31 hilabeteko epean gauzatuko dituzte. Lanek iraun bitartean, errepidearen egoeraren berri uneoro emango dute GI-631 Obra Whatsapp eta Telegram kanaletan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidearen hobekuntza lanen bigarren faseari ekingo dio datorren azaroaren 4an. Lanak gutxi gorabehera kilometro eta erdian egingo dituzte, hain zuzen, 22+950 eta 24+400 kilometro puntuen artean. Fase honetan aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana, bide segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko helburuarekin. Lanak 13,3 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne) eta 31 hilabeteko epean gauzatuko dituzte.

Aldundiak jakinarazi duenez, errepidearen egungo plataforma ahalik eta gehien aprobetxatuz egingo dituzte lanak, eta horiek ez dute Urola ibaiaren ibilguan eraginik izango. Egin beharreko esku hartzeen artean plataforma handitzea dago batetik; menditik espazioa irabaziz egingo dute obra hori, hondeaketak eta maldak eginez. Bestetik, drainatze sistema berritu eta babes barandak istalatuko dituzte. Orotara bi aurreratzeko errei eraikiko dituzte errepidean: bata, 275 metrokoa, Urretxurantz, eta bestea, 475 metrokoa, Azkoitirantz. Hala, errei gehigarriak gehituta, errepideak 13 metroko zabalera izango du Urola ibaiak eta mendi magalak mugatuta.

Era berean, hidrokarburoen banatzaileak instalatuko dituzte, ibaira isurtzen diren euri urak ahalik eta garbienak izan daitezen, ibaiaren ekosistema babesteko. Halaber, errepidearen plataforma berria eraikitzeko indusketa materiala berrerabiltzea aurreikusten dute, lanek sortutako hondakin kopurua murrizteko.

Fase berriak 2023ko maiatzean amaitutako aurreneko faseko hobekuntzei jarraipena emango die. Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu duenez, lehenengo faseko lanek "hobekuntza esanguratsua" ekarri diete bi eskualdeetako biztanleei, bai irisgarritasunean eta baita segurtasunean ere. Gaineratu duenez, 3.000 ibilgailu igarotzen dira egunero GI-631 errepidetik, horietatik %10 ibilgailu astunak, eta behin bigarren faseko lanak amaituta errepide horretako zirkulazioa "oraindik hobea" izango da. Halaber, "ahalegin berezia" egingo dutela azaldu du, "ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko, bai paisaian eta baita Urola ibaiaren ibilguan ere".

Ana Azkoitia eta Jon Luqui Azkoitiko zein Urretxuko alkateek aldundiarekiko esker oneko hitzak izan dituzte, errepide zatia moldatzeko lanak egitearen "konpromisoa betetzen" ari delako. Era berean, "pazientzia" eskatu diete erabiltzaileei, obrak "deserosoak" izan daitezkeen arren, aurrera begira "onuragarria" izango delako.

Behin bigarren fasea amaituta, hirugarren eta azken faseko lanei ekingo diete. GI-631 errepidearen hobekuntza lanak guztira 13 kilometroan egingo dituzte, eta proiektu osoaren inbertsioa 50 milioi eurotik gorakoa da.

Informazio kanalak, erabilgarri

Aldundiak ohartarazi duenez, zenbait egunetan beharrezkoa izango da txandakako trafikoa ezartzea, hondeaketak egiteko espazioa mugatua delako. Lehen asteetako prestaketa lanen ondoren, aurreikuspenen arabera, trafikoari eragingo dieten aurreneko neurriak azaroaren 11ko astean hartuko dituzte. Edozein kasutan, errepidearen erabateko itxiera aldez aurretik jakinaraziko dute Whatsapp eta Telegram kanalen bidez. Informazio hori jaso nahi dutenek GI-631 Obra kanala bilatu eta harpidetzea besterik ez dute izango. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide