Lanak amaituta, bihar zabalduko dute guztiz Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 12:55

Aizpurutxon lanak egin dituzten errepide zatia, martxoaren amaieran. (Andoni Elduaien)

Guztira, 1,3 kilometro birgaitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak lanen lehen fasean, "segurtasuna hobetzeko". Hiru errei eta aurreratzeko bi tarte eraiki dituzte bide zati horretan. Urtea amaitu aurretik lizitatu nahi ditu aldundiak bigarren faseko lanak.

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepideko lanak gaur, osteguna, amaituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Errepidearen "segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko lanak" egin dituzte han. Lanak amaitzear, bihar goizetik aurrera erabilgarri eta guztiz zabalik egongo da 1,3 kilometroko errepide zati berria.

Aldundiaren arabera, errepidearen trazadurak "hobekuntza nabarmena" du orain; izan ere, plataforma zabalagoa izanda, errepide tarte horrek aurrerantzean hiru errei eta aurreratzeko 400 metroko bi tarte izango ditu bi noranzkoetan. Halaber, itxaroteko erdiko erreiak ere egin dituzte Elosua eta Irimoegigoena auzoetan dauden "hainbat baserritarako sarbideak hobetzeko". Azken asteetan, behin betiko errodadura geruza zabaltzen jardun dute langileek gune horretan.

Bigarren faseko lanak

Proiektuaren lehen faseko lanak amaituta, bigarren fasea "jada idatzita" dagoela jakinarazi du aldundiak. Hain justu, obraren lizitazioa "urtea amaitu aurretik" egitea aurreikusten dute. Jarduketa berriak 1,3 kilometroko beste tarte bat hartuko du; puntu horretan ere hirugarren errei bat gehituko diote errepideari. "Plataformaren zabaltzeari esker, aurreratzeak segurtasun handiagoarekin egin ahal izango dira", adierazi dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide