Domusa Teknik ISBk etxean hartu zuen atzo arratsaldean Leganes liderra, baina partida ia osoan aurretik joan bazen ere, azkenean ezin izan zuen Madrilgo taldea garaitu. Zale ugariren animopean jokatu zuen etxeko taldeak norgehiagoka, eta hasieratik markagailuaren buruan jarri ziren Iraurgikoak. Hain zuzen, partidaren lehen hiru aldiak aurretik amaitu zituzten etxekoek: lehen aldia, 30-19 amaitu zuten; bigarrena, 39-30; eta hirugarrena, 49-47.
Partidak aurrera egin ahala, ordea, tartea gutxitu zuen Leganesek, eta azken minutuetan aurre ere hartu zion etxeko taldeari. Partida amaitzeko bost minutu falta zirela, 55-61 zen markagailuan, eta azkenean, 61-73 amaitu zuten taldeek neurketa. Dena den, oraindik sailkapeneko erdiko postuetatik gora jarraitzen du Domusa Teknik ISBk; zazpigarren postuan da taldea.
Datorren astean, berriz, sailkapeneko laugarren postuan den Unicaja Mijas taldearen etxean jokatuko dute Iraurgiko jokalariek, larunbatean, 20:00etan hasita.
Bestalde, Biele ISBkoek astebeteko atsedena izan dute asteburuan, eta hurrengo jardunaldia igandean, etxetik kanpo, jokatuko dute Sevillako Insolac Caja 87ren kontra.