Musikeneko hainbat ikaslez osatuta dagoen LUT ahots taldeak kontzertua eskainiko du datorren igandean, 18:00etan, parrokian. Azkoitiko Udalak antolatu du emanaldia, eta haren arabera, ingurune akademikotik harago esperimentaziorako zein garapen musikalerako espazioa eskaintzen die LUT taldeak ikasleei, egitasmoaren helburua baita errepertorio desberdinak ezagutaraztea, proposamen eszenikoak aztertzea eta publikoarekin "beste modu batera konektatzea".
Arlo desberdinetan trebatzen ari diren 40 bat ikaslek osatzen dute taldea, hala nola interpretaziokoek, zuzendaritzakoek, konposiziokoek, pedagogiakoek zein jazzekoek. Besteak beste, Sarah Quartel, Michael John Trotta, Jacobus Gallus edota Katerina Gimon konposatzaileen obrak taularatuko dituzte igandeko kontzertuan.