Merkal Oinetakoaken Donostiako saltokia itxi izana salatu du ELAk

Julene Frantzesena 2025ko urt. 21a, 10:38

Hainbat lagun Azkoitiko Merkal saltokiaren aurrean protestan. (Ane Olaizola)

Haren hitzetan, "justifikatu gabeko" neurria da, zazpi hilabetetik gora enpresa hitzarmen duina eskatzeko greban ari diren langileak "presionatzeko edota zigortzeko" helburuz hartutakoa. Azkoitian ere bada Merkal Oinetakoak denda, eta langile hainbat greba mugagabean daude.

Merkal Oinetakoakek Gipuzkoan dituen –Azkoitian dute bat– saltokietako langileek greba mugagabean jarraitzen dute, eta "testuinguru horretan" Donostiako saltokia itxi izana salatu du ELA sindikatuak. Haren hitzetan, "justifikatu gabeko" neurria da, zazpi hilabetetik gora enpresa hitzarmen duina eskatzeko greban ari diren langileak "presionatzeko edota zigortzeko" helburuz hartutakoa. Gainera, sindikatuak esan duenez, Donostiako dendaren itxierak bi langile kaleratzea eta beste bat lekuz aldatzea eragin du –langile horietako bi greban ari ziren–.

ELAren esanetan, grebalarien aurkako "eraso zuzena" da itxiera, eta Merkal Oinetakoakek gatazkari konponbidea emateko duen interesa ere erakusten du. "Langileek lan baldintza duinak eta bidezko hitzarmen bat eskatzeko hasi zuten greba, baina orain arte enpresak ez du modu serioan eta arduratsuan negoziatzeko asmorik erakutsi".

Borroka ez dutela etengo adierazi du sindikatuak, grebarekin aurrera jarraituko dutela jakinaraztearekin batera. "Langileen eskubideak errespetatuko dituen eta guztiontzako etorkizun duina bermatuko duen konponbidea lortu arte segituko dugu borrokan". Halaber, Merkalek jarrera inmobilista alde batera uzteko eskatu dio ELAk, baita gatazka "modu justuan" konpontzeko proposamen zehatzak eskaintzeko eskatu ere.

Era berean, ostegunean, Donostiako Katalunia plazan (12:30) Merkaleko beharginei babesa adierazteko egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia ere egin du sindikatuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide