ISBkoen garaipen errepika

Nerea Uranga 2025ko urt. 19a, 12:48

Biele ISB eta Huelva taldeen arteko partida atzo Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar 'Otola')

Biele ISBk Huelva hartu du mendean, etxean. Domusa Teknik ISBkoek, berriz, Castellori irabazi diote kanpoan.

Huelvari irabazita, sailkapeneko aurreneko postuei heltzea lortu zuen atzo Biele ISBk. Azpeitiko kiroldegian jokatu zuten, eta kanpotik etorritako taldeak ezusteko porrota jaso behar izan zuen.

Partida parekatua jokatu zuten bi taldeek, eta atsedenera markagailua 37na zela iritsi ziren. Hirugarren laurdenean, ordea, Bieleko mutilek bost tantuko aldea atera zien Huelvakoei (27-22), eta erabakiorra izan zen etxekoek garaipena eskuratzeko, 90-86 eginda.

Biele ISBkoek astebeteko atsedena izango dute datorren asteburuan, eta hurrengo jardunaldia otsailaren 2an etxetik kanpo jokatuko dute Sevillako Insolac Caja 87ren kontra.

Domusa Teknik ISBkoek ere garaipena etxeratu zuten atzo, Castellori 62-72 irabazita. Neurketaren bukaeran "partida gogorra" jokatu zutela aitortu zuen Luis Agirre Katxi ISBko nesken taldearen entrenatzaileak. Nabarmendu zuen partidaren lehen hogei minutuetan egindako lana onaren emaitza izan zela atzoko garaipena. 25-47 aurretik zirela iritsi ziren atsedenera Domusa Teknikoak. Nahiz eta hirugarren laurdenean Castello gehiago izan (27-10), azken laurdenean ISBko neskek partidari eustea lortu zuten (10-15). Garaipen bat gehiago lortuta, sailkapeneko erdiko postuetatik gora dago egun Domusa Teknik ISB.

Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko du Domusa Teknik ISBk. Urtarrilaren 25ean, 18:00etan, Azkoitiko kiroldegian jokatuko du Leganesen kontra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide