Garaipena eta porrota, Anaitasunako talde nagusientzat

Iraia Oteiza 2025ko urt. 19a, 11:05

Hernaniren aurkako partidako irudi bat. (Anaitasuna)

Atzo Hernaniko taldea hartu zuen etxean Anaitasunako gizonen taldeak, eta 3-0 irabazi zuen norgehiagoka; Euskal Ligako emakumeek, berriz, 0-3 galdu zuten Eibarren aurka San Juan zelaian jokatu zuten neurketa.

Ligako partida bana jokatu zuten atzo Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek, biek ere etxean. Gizonek partida irabaztea (3-0) lortu zuten bitartean, emakumeek porrota (0-3) jaso zuten.

Ohorezko Erregional Mailan lehiatzen ari den gizonen taldeak Hernaniko taldea hartu zuen atzo Txerloian. Ligako hamazazpigarren jardunaldian nagusi izan zen Anaitasuna hasiera-hasieratik. Aukera bat baino gehiago izan zituzten gorritxoek aurreneko zatian, eta 31. minutuan etorri zen Anaitasunaren lehendabiziko gola. Beñatek eskuin hegaletik jarritako baloia aprobetxatu zuen Pastrianek markagailua estreinatzeko. Azkoitiko taldeak nagusitasunez jarraitu zuen jokoan, eta aurreneko goletik 3 minutu eskasera etorri zen gorritxoen bigarren gola, Galderren eskutik. Handik laster, baina, txartel gorria atera zioten Perezi, eta jokalari bat gutxiagorekin baina markagailua 2-0 alde zutela joan ziren Anaitasunakoak aldageletara.

Bigarren zatian ere nagusi izan zen Azkoitiko taldea, nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin jokatu. Luzapenean etorri zen horien hirugarren eta azken gola. Area barruko aldarate batean baloia zuzenean sarean sartu zuen Hichamek. Anaitasunak eskuratu zituen partidako hiru puntuak, Hernaniren aurkako norgehiagoka 3-0 irabazita.

Sailkapeneko seigarren postuan dago gaur-gaurkoz Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldea, 28 punturekin. Datorren asteburuan, Deusto izango dute aurkari gorritxoek; sailkapeneko hamargarren postuan dira bizkaitarrak.

Emakumeak, makur

Anaitasunako emakumeek, bestalde, Eibarren aurka jokatu zuten Euskal Ligako hemezortzigarren jardunaldiko neurketa, San Juan zelaian. Partida gogorra jokatu zuten, Eibar aise nagusitu baizitzaien hasiera-hasieratik. Hala, 35. minutuan, armaginek baloia sareratzea lortu zuten, eta atsedenaldira galtzen iritsi ziren gorritxoak.

Bigarren zatiak ere ildo beretik jarraitu zuen, Eibarko taldea nagusitu baitzen jokoan. 53. minutuan sartu zuten haiek bigarren gola, eta 80. minutuan hirugarrena, Mikel Barqueroren taldeari baloia sareratzeko aukerarik eman gabe. Azkenean, gorritxoak saiatu ziren arren, ezin izan zuten punturik eskuratu eta markagailua 0-3 zela amaitu zuten partida.

Anaitasunaren Euskal Ligako taldeak hemeretzi puntu ditu eskuratuta oraingoz, eta sailkapeneko hamabigarren postuan da. Datorren jardunaldia, berriz, Elorrioren aurka jokatuko du taldeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide