Juan Jose Unanue 'Goenatxo II.a'-k zabaldu du Añota sagardotegiko txotx denboraldia

Andoni Elduaien

Goenatxo II.a, txotx denboraldia irekitzen. (Aitziber Arzallus)

Azkoitiko harri jasotzaile ohiak ireki du Azpeitiko Añota sagardotegiko aurtengo txotx denboraldia. "Ederra dago" esanda egin zuen hark txotx irekiera. Bertsoek eta trikiti doinuek girotu dute ekitaldia.

Azpeitiko Elosiaga auzoko Añota sagardotegian hasi dute txotx denboraldia. Azkoitiko Juan Jose Unanue Goenatxo II.a harri jasotzaile ohiak zabaldu zuen zapatuan aurtengo denboraldiko txotxa, eta hark izan zuen aurreneko tragoa egiteko ohorea. "Ederra dago" esanda, probatzeko gonbidapena egin zien azkoitiarrak begira zituen dozenaka lagunei.

Xebastian Lizaso eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariek Goenatxo eta sagardotegiko giroa goraipatu zituzten bertsotan segidan, eta harri jasotzaile ohiaren kasta nabarmendu zuten, esanez aurtengo sagardoa ederra egongo dela haren gatzik badu. Lajaren eta Lutxurdioren trikiti doinuak ere ez ziren falta izan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide