Emakumeek irabazi egin dute Bartzelonan, eta gizonek galdu Caceresen

Andoni Elduaien 2025ko urt. 13a, 10:27

Juana Maria Molina, Barçako jokalari bat defendatzen. (Barça CBS)

Emakumeen taldeak bolada onari eutsi dio Bartzelonan; bosgarren garaipena erdietsi zuten jarraian Luis Agirre Katxirenek. Gizonen taldeak, berriz, liderraren aurka eten du zazpi garaipeneko bolada.

Etxetik urrun aritu dira asteburuan ISBren lehen bi taldeak, eta etxerako bidaia desberdina izan da talde batentzat zein bestearentzat. Gizonen taldeak 79-68 galdu zuen zapatuan Caceres Patrimonio de la Humanidad sailkapeneko liderraren etxean, eta emakumeenak 54-67 garaitu zuen Barça CBS.

Berebiziko garrantzia zuen lehia jokatu zuen gizonen Biele ISB taldeak Caceresen (Espainia), sailkapeneko lidergoa baitzuten jokoan bi taldeek. Lehen laurdenean, taldea bakoitzak bere asmoen berri eman zuen kantxan; ez ziren falta izan intentsitatea eta emozioa, eta hala, parekotasuna nabarmendu zen ezeren gainetik. Azkoiti-Azpeitiko taldeak ondo erantzun zuen kantxan, bereziki Stulicen eta Atxaren lanari esker. 20-19 amaitu zen lehen laurdena.

Ordea, bigarrena traketsa izan zen otsoentzat, eta bigarren hamar minutuetako lanak eragina izan zuen amaieran. Etxekoek hasi eta segituan hautsi zuten lehia; Cacereseko taldeak aldea bikoiztea lortzen zuen, ISBk puntuak banaka edo apurka-apurka pilatzen zituen bitartean, eta hala, Cacereskoek hamahiru puntuko tartea zabaldu zuten. 42-33 emaitzarekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea.

Hirugarren laurdenean ere, ordea, lehiak aurreneko zatiko bide beretik jarraitu zuen. Laurdenaren hasieran sei puntura ere hurbildu zen ISB, baina erditik aurrera, berriro ihes egin zuten etxekoek. Caceresko taldeak markagailuaren kudeaketa lan ona egin zuen, eta laurdena 60-49 itxi zuten.

Jokoan asko egonik, Azkoiti-Azpeitiko taldeak ez zuen etsi, eta azken laurdenean, abiadura handiagoarekin jokatu zuen, batik bat aurreneko minutuetan; izan ere, Caceres trabatu egin zen bai erasoan, bai defentsan, eta ISB hiru puntura ere hurbildu zen. Hala eta guztiz ere, une horretan bertan ikusi zuen argia berriro etxeko taldeak. 13-0 partzial bati esker, Cacereskoek ihes egin zuten berriro markagailuan, lehia guztiz erabakita utziz.

Kevon Lamar Godwin izan zen ISBko jokalari onena, 22 puntu saskiratuta eta hemezortzi puntuko balorazioa eskuratuta. Datorren asteburuan, beste hitzordu garrantzitsu bat izango du Merinoren taldeak. Lehen postua zaila jarri zaio orain Biele ISBri, baina bigarrena ziurtatzea bere eskuetan izango du; izan ere, datorren zapatuan Ciudad de Huelva Emerita Resou sailkapeneko hirugarrena jasoko dute 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Hamar garaipen ditu Biele ISBk, eta bat gutxiago, bederatzi, otsoen hurrengo aurkariak.

Bartzelonan, bosgarrena segidan

Domusa Teknik ISBk ere une gozoan segitzen du. Joan den asteburuan, bosgarren garaipena eskuratu zuten segidan Luis Agirre Katxirenek, Barça CBS taldeari 54-67 irabazita. Lehen laurden parekatua jokatu zuten bi taldeek, baina atsedenaldirako zortzi puntuko errenta eskuratu zuen ISBk (30-38).

Aldageletatik bueltan ere gehiago izan zen Agirreren taldea, eta azken laurdena jokatu aurretik ondo bideratuta utzi zuen lehia, bi taldeen arteko aldea hamabi puntukoa baitzen (42-54). Azken laurdenean ere urduritasun handiegirik gabe aritu ziren otsoak; puntu aldetik, gainera, laurden urria jokatu zuten bi taldeek, eta hori horrela, denboraldiko bederatzigarren garaipena lortzeko gai izan zen Azkoiti-Azpeitiko taldea.

Jessie Nicole Edwards nabarmendu zen ISBn. Hamazazpi puntu saskiratu zituen hark, eta 26 puntuko balorazioa erdietsi. Datorren asteburuan, Fustecma NBF Castello taldearen etxean jokatuko du Domusa Teknik ISBk; zapatuan, 19:30ean arituko dira Grapa udal pabiloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide