Anaitasunak oker ekin dio 2025. urteari. Emakumeen Euskal Ligako taldeak eta Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako gizonen taldeak galdu egin dute asteburuan. Emakumeen taldeak 0-2 galdu zuen Hernaniren aurka Txerloian, eta gizonenak 2-0 galdu zuen Arrasaten (Gipuzkoa).
Emakumeen taldeak urtea amaitu zuten moduan, garaipenarekin hasi nahi zuen urte berria, baina Hernanik zail jarri zizkion kontuak Txerloian. Sailkapenaren goiko eta beheko taldeen artean dagoen desoreka agerian gelditu zen beste behin; izan ere, atsedenaldiaren aurretik lortu zituen Hernaniko (Gipuzkoa) taldeak garaipena lortzeko bi golak.
Ordu erdia bete arte eutsi zion Anaitasunak kanpoko taldeari, baina, batetik, 35. minutuan, eta bestetik, 44. minutuan egindako golak iraultzea ezinezkoa egin zitzaion herriko futbol taldeari. Hernaniarren bigarren golak, bereziki, kolpe handia eman zien gorritxoei. Atsedenaldiaren ondoren saiatu zen Mikel Barquerok zuzentzen duen taldea lehian sartzen, baina ez zuen lortu norgehiagoka estutzeko gola egiterik. Hala, lehen zatia amaitu zen markagailu berarekin itxi zuten partida Anaitasunak eta Hernanik.
Sailkapeneko hamabigarrena da gaur-gaurkoz Azkoitiko futbol taldea, hemeretzi punturekin. Datorren asteburuan, Eibar C taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunak, berriro ere etxean. Bigarren itzuliari ekingo diote hala gorritxoek.
Gizonak ere makur
Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak ere garaipenarekin itxi zuen 2024. urtea, baina oker hasi du urte berria. Hasi eta berehala, neurketako bigarren minutuan egin zuten arrasatearrek bat eta hutsekoaren gola, eta handik gutxira izan zuten bigarrena egiteko abagunea. Dena den, ezer nabarmentzekotan, Alain Sudupe atezain gaztearen lana aipatu behar da. Lehen taldearekin debuta egin zuen herriko atezainak lan aparta egin zuen bere taldea partidan bizirik mantentzeko.
Partida poliki-poliki orekatuz joan zen, eta gorritxoak aurkariaren atera hurbiltzen hasi ziren; Ion Izagirrek izan zuen lehia berdintzeko aukera, baina haren burukada kanpora joan zen gutxigatik. Atsedenaldiaren aurretik, berriz, etxekoek izan zuten bigarrena egiteko parada, baina berriro Sudupe atezainarekin egin zuten topo, hark izugarrizko geldiketa eginda eutsi baitzion baloiari.
Bigarren zatiari ekin aurretik, Barbadok bi aldaketa egin zituen, lehia bideratzeko asmoz, baina taldeari ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera. Oreka handiko norgehiagoka jokatu zuten bigarren erdian, baina gol aukerak etxekoenak izan ziren, baita gola ere. 70. minutuan egin zuen Mondrak garaipena ziurtatzeko gola. Ordutik amaierara bitartean saiatu zen Anaitasuna partida estutzen, baina inolako arrakastarik gabe.
Gaur-gaurkoz, sailkapeneko zazpigarren taldea da Anaitasuna 25 punturekin, Zarautz liderragatik zortzi puntura. Datorren asteburuan, jaitsiera postuetatik hurbil dagoen Hernani izango dute arerio Barbadoren gizonek.