Atzo, osteguna, aurkeztu zuen Doinuele euskarazko plazen sareak aurtengo urterako ondu duen egitaraua. Sare horretako partaide da Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen Geure Gelatik azoka, eta aurkezpenean parte hartu zuen Oihana Sudupe elkarteko dinamizatzaileak. Aurten, martxoaren 27tik 29ra bitartean egingo dute Geure Gelatik azoka, emakumeek idatzitako liburuak plazaratzea asmo duen azoka. Urtero bezala, idazle bat omenduko du herriko euskara elkarteak, eta dagoeneko ezaguna da haren izena: Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra.
Ordea, atzoko aurkezpenean jakinarazi zuten berria. Aurten, iaz baino plaza bat gehiago izango du sareak, orain arteko zortzi ekimenei bederatzigarren bat gehitu zaie eta: Oiartzungo (Gipuzkoa) Hitzen Lihoa liburu azoka. Azokak janzten gaitu! mezua zabaldu zuten Doinueleko kideek atzo, kapela, zapi eta gainerako prenden artean; izan ere, prentsaurrekoak izan zuen antzezpenetik ere zerbait: "Jantzi, gorputza eta burua, barru nahiz kanpo egin beharra dagoelako; arropa ez da nahikoa janzteko, liburuek ere janzten gaituzte", azaldu zuten.
2023. urtean sortu zuten Doinuele sarea Euskal Herri zabaleko zortzi ekimen uztartuta. "Elkartuta indartsuagoak" direla nabarmendu zuten aurkezpenean, eta adierazi zuten sarean partekatzen dituztela herri bakoitzak dituen "zailtasunak nahiz egiteko moduak", eta bide batez, "besteengandik ikasteko aukera" ematen diela. "Nazio mailako sare bat osatzeak ematen digu bakoitza bere txokoan bakartuta ez sentitzea", adierazi zuten.
2025eko hitzorduak
Iaz baino plaza bat gehiago izango du aurten Doinuele sareak, Oiartzungo azoka gehituta. Hori horrela, ia hilabetero izango da kultur azoka edo ekimenen bat Euskal Herri zabalean. Hona hemen aurtengo egitaraua:
- Urtarrila: (H)ilbeltza ekimena, Baztanen (Nafarroa).
- Hilaren 20tik 26ra egingo dituzte nobela beltzari buruzko ekimenak.
- Martxoa: Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen Geure Gelatik azoka, Azkoitian.
- Hilaren 27tik 29ra egingo dute emakumeek idatzitako liburuen azoka, baita hari lotutako ekimen sorta ere.
- Apirila: Sormene ekimenak Galdakaon (Bizkaia).
- Maiatza: Literaturia azoka, Zarautzen.
- Hilaren 23tik 25era, kultur sorkuntzek eta azokak hartuko dituzte kaleak.
- Ekaina: Ziburuko (Lapurdi) azoka.
- Hilaren 7an, euskara hutsezko liburuek eta diskoek beteko dute herriko plaza eta liburu aurkezpenak, kontzertuak eta bestelako ekimenak izango dira aukeran.
- Iraila: (H)azoka, Hernanin (Gipuzkoa).
- Hilaren 27an, euskara hutsezko liburuen eta diskoen azoka izango da Atxegindegi plazan. Liburu aurkezpenak, kontzertuak eta hainbat ekimen egingo dituzte.
- Urria: Ikusi Mikusi, Saran (Lapurdi).
- Hilaren 11n eta 12an, haur eta gazte literaturan murgiltzeko aukera izango da. Era berean, haurrei eta gazteei zuzendutako hainbat emanaldi izango dira.
- Azaroa: Hitzen Lihoa, Oiartzunen (Gipuzkoa).
- Hilaren 12tik 16ra, liburu azoka eta kultur ekimen bereziak.
- Abendua: Lazkaoko (Gipuzkoa) azoka.
- Hilaren 12tik 14ra, Olentzeroren zakua euskarazko liburuz zein diskoz betetzeko aukera eta hainbat kultur ekitaldi.