Kostako errepidea

Hain ederra, hain hauskorra

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 8a, 14:00

Kostako errepidearen zati bat. (Guka)

Egunerokoan erabili behar dutelako edo paisaiak erakarrita bide hori hartzeko hautua egin dutelako, kontaezinak dira urtean zehar Zarautz eta Zumaia arteko errepidean egiten diren joan-etorriak. Ikuspegi paregabea eskaintzen duen bideak kezka iturri izaten jarraitzen du batzuentzako. Hartutako neurriek kalteak gutxitu dituzte, baina errepideari behin betiko aterabidea aurkitzea ezinezkotzat jotzen dute adituek.

Milaka ibilgailu pasatzen dira astero Zarautz, Getaria eta Zumaiako lurretatik igarotzen den N-634 errepidetik. Itsaso zabala alde batean, mendia bestean, turismo gidek autobidetik atera eta kostako errepidetik joatea gomendatzen dute, ikuspegiaz gozatu ahal izateko. Eta ederra den bezalatsu, une jakin batzuetan, errepide zati hori arriskutsua ere suertatzen da erabiltzaileentzako. Izan ere, urte hauetan guztietan sarritan itxi behar izan dute errepidea euriteek eragindako luiziengatik edota kostaldea kolpatzen zuten olatuek erabiltzaileen segurtasuna kolokan jar zezaketelako.

Errepide zati laburra izanda ere –zortzi kilometro besterik ez daude Zumaia eta Zarautz artean–, buruhausterik handienetakoak eragiten dizkien bidea da lurraldeko bideez arduratzen den Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Sailarentzat. "Argi dago gure errepideetan dagoen punturik txarrenetakoa dela, itsasoak daukan eraginagatik eta errepideak berak dituen ezpondengatik", adierazi dute aldundiko arduradunek. Aldundiaren arabera, errepide zati horrek ezaugarri "oso zorrotzak" ditu, eta horrek zaildu egiten ditu haren mantentze lanak. "Ezponda oso altuak eta oso bertikalak ditu, eta ezaugarri desberdinak aurki daitezke bidean zehar. Horrek euste sistema desberdinak ezartzea eskatzen du, eta itsasoak ere eragina du errepidearen horman. Gainera, olatu altuak direnean litekeena da errepidea itxi behar izatea, puntu batzuetan errepidea itsasoarekiko maila oso baxu dagoelako".

Getaria eta Zarautz artean izandako luizi baten arrastoak. (J.L. Romatet)

Iritzi berekoa da Iñaki Ibarbia Ikerlur ingenieritza geologikoko estudioko zuzendaria. Ondo ezagutzen du Zumaia eta Zarautz arteko errepide zatia; 30 urte daramatza N-634 errepide tarte horretan Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako azterketa geologikoak egiten. Ibarbiaren aburuz, arroken izaeragatik –flysch motakoak dira, eta zati bigunak eta gogorrak dituzte–, eta geruzen orientazioagatik sortzen dira errepidea itxiarazten duten luiziak. "Euri jasa handiak direnean, geruzak irristatu egiten dira edo labarretan haustura puntualak izaten dira, eta horiek eragiten dituzte luiziak". Haren esanetan, betidanik izan dira lur jausiak eta ezegonkortasunak mendi hegal horietan. "Errepidea hor egiteko lur erauzketak egin behar izan zituzten, eta, kasu batzuetan, magalak desegonkortzeko mekanismo bihurtu ziren". Arrisku geotekniko handiko gune bezala definitzen du kostaldeko zati hori, gainera, Ibarbiak. "Amildegi batzuek 100 metrotik gorako altuera dute, eta egiten duen euriagatik eta errepidea itsasertzean kokatuta dagoelako, arrisku geotekniko oso handia du lekuak".

Prebentzioaren garrantzia

Urtero diru partida bat gordetzen du foru erakundeak bide horren mantentze lanetarako –2025erako milioi euro inguru daude aurreikusita–, baina zenbateko horri ezohiko jardueren kostua gehitu behar zaio. "Kostua aldakorra da urtez urte, klimaren arabera. Iaz, adibidez, 615.000 euro inbertitu behar izan genituen ezohiko jarduera horietan", azaldu dute aldundiko ordezkariek.

Ezohiko jarduera horien barruan sartzen dira, esaterako, luiziek eta olatuek eragindako kalteen konponketak. Aurten, adibidez, birritan itxi behar izan dute errepidea euriteek edo itsasoak eragindako kalteengatik: otsailean, bi erreiak itxi zituzten Getaria eta Zarautz artean itsasoak errepidearen horma hautsi eta asfalto azpiko betelana jan zuelako; handik aste gutxira, gai izan ziren errei bat zabaltzeko, baina bidea oso-osorik irekitzeko hilabete eta erdi behar izan zituzten. Urrian, berriz, bitan itxi zuten errepidea, Getaria eta Zarautz artean, orduko hartan ere. Orduan, euri jasek eragindako luizi bat izan zen bidea ixteko arrazoia.

Unean uneko konponketak baino, errepide zati horrek "tratamendu integrala" eskatzen duela adierazi diote Gukari kontsulta egindako adituek. Lur jausien arriskua ahalik eta gehien saihesteko, mendi magaletan lanketa desberdinak egin dituztela gogoratu du Ibarbiak. "Batzuetan, luizien aurkako hesi dinamikoak jarri izan dira, magaletatik edo itsaslabarretatik datozen harri bloke handiak edo lokatz isurketak desegiteko gai direnak. Beste batzuetan, ezpondetan eragin da zuzenean, haiei atxikitako erresistentzia handikoak diren altzairuz eginiko alanbrezko sareak jarrita. Mendia, nolabait, 'josi' eta ezegonkorrak izan daitezkeen harri blokeak finkatu ahal izan dira horrela. Eta batzuetan euste soluzioak erabili izan dira, mendi hegalaren oinean egindako harri lubetazko hormak edo kontrahormak eraikiz".

Errepideko orma, itsasertzean. (J.L. Romatet)

Adituak jakitun dira segurtasuna %100ean ziurtatzea ezinezkoa dela. "Arazo geotekniko hain handia duen gunea izanik, arrisku eza ez da existitzen", nabarmendu du Ikerlurreko zuzendariak. Horregatik, prebentzioari berebiziko garrantzia ematen diotela esan du. "Dauden ezegonkortasunak begiratzen dira, eta, berriak azaltzen badira, horrek eragin dezakeen arriskua baloratzen da. Hormaren kasuan, paretak itsasoaren eraginez eduki ditzakeen kalteak aurrez atzemateko lanketa egiten ari gara", adierazi dute, beren aldetik, foru arduradunek.

Aldundiaren arabera, arrisku geologikoa duten puntu horiek atzemanda dituzte dagoeneko eta horiei jarraipena egiten ari dira, mendiaren monitorizazio geoteknikoa egiten duten elementuen bidez. Hala ere, badaude arrisku gune horietatik kanpoko beste puntu batzuk, haien hitzetan, hor sortzen dira edo sor daitezke arazoak. "Euriteen eraginez, edo labarrek duten bertikaltasunak lagunduta, luiziak gerta daitezke. Normalean, kasu horietan ez da ezer egonkortu behar izaten, baina erori den materiala ondo garbitu behar da errepidearen segurtasuna bermatzeko".

Une eta puntu konkretu batzuetan oraindik ere mendia errepidera erortzen baldin bada ere, urteetan egindako lanketak eragin positiboa izan duela uste du Ibarbiak. "Jarduera horiekin arriskua gutxitu egin da, eta hori kuantifikagarria da. Urteetan egindako egonkortze jardueren ondorioz, lur jausien urteko maiztasuna askoz ere txikiagoa ari da izaten".

Konponbiderik bai?

Lurra jasaten ari den klima aldaketak badu kostako errepideko zati horretan eragina, aldundiaren ustez. "Fenomenoak larriagoak direla ikusten ari gara, eta beraz, kalteak ere handiagoak izan daitezkeela uste dugu". Klima aldaketaren gaian ez du sakondu nahi izan Ibarbiak, baina haren iritziz, euri gutxiago egiten du orain baina euriteak bortitzagoak dira. "Azken urteotako eurite bortitzek kolokan jarri dute labarren egonkortasuna. Izan ere, ur asko pilatzen da harrietan bat-batean; harriak ez dira ura drainatzeko gai, eta ur horrek estratuak edo harri blokeak mugiarazi ditzaketen presioak sortzen ditu. Euri asko egiten duenean, errepidea estal dezaketen lokatzezko korronteak ere sortzen dira ezpondetan”.

Horrek guztiak errepidearen zaintza areagotzera eraman du aldundia, batez ere errepidearen hormarena. "Droneen laguntzarekin, maizago, seguruago eta xehetasun gehiagorekin egin ahal izango dugu lanketa", esan du erakundeak. Ibarbiak, berriz, kostako hormak behar bezala mantentzearen garrantziaz ohartarazi du, paretak errepidea hartzen duen plataforma sustengatzen duelako. "Gainera, komunitate zientifikoaren aurreikuspenen arabera, itsas maila igo egingo da, eta horrek esan nahi du errepidea ahulagoa izango dela olatuen eta itsas higaduraren aurrean. Halaber, kostaldeko hormek kalte handiagoak jasango dituzte, eta maizago konpondu edo indartu beharko dira".

Aldundiko eta Ikerlurreko kideek garbi dute ezin zaiola erabateko konponbiderik eman errepideari, arrazoi hainbat medio. "Konponbide ezberdinez ari gara hizketan, baina ez dago hori guztia gauzatu ahal izateko aurrekontu nahikorik", azaldu dute aldundiko ordezkariek. "Gaur-gaurkoz, ezinezkoa iruditzen zait errepidea erortzeko arriskua erabat saihestuko duen konponbidea lortzea, baina orain arte egindako jarduketen ondorioz, arriskua asko murriztu da", adierazi du Ikerlurreko zuzendariak. Hala gehitu du hark: "Zarautz eta Zumaia arteko N-634 errepidean, errepide horrek dituen ezaugarri geologikoekin eta geoteknikoekin, beti hor izango dugu arriskua. Hala ere, baldintza horiexek dira errepide horrek duen edertasun bereziaren erantzuleak; izan ere, gida turistiko batzuek kontatzen duten bezala, merezi du Zumaia eta Getaria bisitatzeko errepide horretara desbideratzeak".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide