Khea Ziater antzerki konpainiak La sed del minotauro antzezlana aurkeztuko du etzi, larunbata, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Amodioari buruzko hausnarketa egiten du antzezlanak, eta antiheroiak dira protagonista guztiak; "zoriona ez lortzearen beldurrari aurre egiten dioten izaki desesperatuak. Gizon eta emakume hauskaitzak eta bihotz handikoak". Hotz egiten duen taberna txiki batean girotzen da istorioa, eta bezeroak sartu eta irten egiten dira hara, maitasunaren bila eta "kontuan hartzen ez dituen mundutik ihesi".
Arlo estetikoan zein narratiboan antzerkia eta zinema lotzen dituen kodeen bilaketan oinarritzen den konpainia independentea da Khea Ziater, eta taldeak iaz ekoitzi zuen obra. Alex Gerediaga da zuzendaria, eta honako hauek osatzen dute aktore taldea: Txubi Fernandez Jauregi, Arrate Etxeberria, Miren Gaztañaga, Leire Ucha, Jon Ander Urresti eta Ainhoa Artetxe.
Larunbatean, 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak aurrez eros daitezke hamar eurotan, lotura honetan. Era berean, Azkoitiko Kultura sailaren eskutik bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azkoitia Gukak bazkideen artean. Azkoitia Gukaren webguneko galdetegia beteta edo 943-56 01 64 telefono zenbakian eman daiteke izena, 10 zenbaki kodea erabilita. Gaur eguerdira artean eman daiteke izena zozketan.